Iraken okupazioa

Gutxienez hamaika irakiar hil dituzte AEBek, Falujan eta Ramadin

AEBetako Armadak birritan bonbardatu du bart gauean Irakeko Faluja hiria, eta, gutxienez, sei pertsona hil ditu. Halaber, Ramadin auto bat tirokatu dute soldadu estatubatuarrek eta familia bereko bost kide hil dituzte, besteak beste, haur bat. Basoran, berriz, lehergailu bat zartarazi dute AEBetako kontsuletxetik urre, eta irakiar bat zauritu du. Nolanahi ere, atentatuaren jomuga oliobideen zaintzaz arduratzen den enpresa atzerritar bat litzateke.

2004ko urriaren 12a
12:01
Entzun
Falujako bi bonbardaketetako baten jomuga Haji Hussein jatetxea izan da; hain justu, ostatu horretako langileak dira hildakoetako bi. Beste bonbardaketa, berriz, Al Askari auzoko etxe baten kontra egin dute, eta han, gutxienez, lau dira hildakoak. Nolanahi ere, Falujako erietxeetako iturriek agertu dute litekeena dela etxearen hondakinen artean hilotz gehiago egotea. Si hildakoez gain hainbat zauritu utzi dituzte bi bonbardaketa horiek. Abu Musab Al Zarkaui talde armatuaren gotorlekuen kontrakoak zirela esanez justifikatu ditu AEBetako Armadak bonbardaketa biak.

Ramadin, berriz, familia bereko bost kidehil dituzte soldadu estatubatuarrek Al Sharkia telebista kateak zabaldu duenez. Zehazki, Ramiditik Falujara doan autobidean gertatu da erasoa: AEBetako Armadako soldaduek auto bat tirokatu dute, eta barruan zihoazen bost lagun hil dituzte. Esan bezala, senideak ziren pertsona horiek guztiak, eta hildakoetako bat haurra zen.

Bestalde, Basoran atentatua egin dute AEBen kontsuletxetik hurbil. Lehergailuak zartarazi dituzte, eta pertsona bat, irakiar bat, zauritu da. Erasoa AEBetako ordezkaritza diplomatikotik gertu izan arren, oliobideen zaintzaz arduratzen den enpresa atzerritar bat litzateke jomuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.