AZKEN ORDUKOA

Gutxienez hamazazpi hildako, Norvegian izandako bi erasotan

Oslon leherketa batek gutxienez zazpi hildako utzi ditu, eta beste hamar hildako behintzat badira Utoya irlan, gazte laboristak egiten ari ziren kanpalekuaren aurka gertatu den erasoan. Poliziak gizonezko bat atxilot du Utoya irlan, eta adierazi du bi erasoekin lotura duela; erasoen arrazoiei buruz ez du zehaztasunik eman, ordea. -VG kazetaren argazki bilduma.

2011ko uztailaren 22a
22:48
Entzun

Leherketa handi bat izan da arratsaldeko lehen orduetan Osloko hirigune politikoan, bonba bat lehertuta. Gaueko 21:30ean emandako prentsaurrekoan, Poliziak berretsi du zazpi lagun gutxienez hil direla eraso horretan, eta bi lagun larri zauritu direla. Eztandak gobernuaren eta zenbait ministerioren eraikinak kaltetu ditu. Kiskalita aurkitu duten auto batekin du susmoa Poliziak, lehergailua bertan jarri ote duten.

[YouTube]http://www.youtube.com/watch?v=Ql6vc0l2rpQ[/YouTube]

Bestalde, gobernuan dagoen alderdiko gazteak egiten ari ziren kanpaldi bati eraso egin dio gizon batek, poliziaz jantzita. Utoya irlan (Oslotik 40 kilometro ingurura) zeuden gazte laboristak; terrorismoaren kontrako protokoloa aitzaki, irlan sartu da polizia itxurazkoa, eta gazteen kontra tiroka hasi da. Gaztetxoak lasterka eta igeri ihes egiten saiatu dira, edo gorde egin dira, eta sare sozialen eta telefono mezuen bidez eskatu dute laguntza.

Haien deiei erantzunez bertaratu dira poliziak Utoyara, eta tiratzailea atxilotu dute. Polizia ordezkariek ziurtatu dute atxilotutako gizonezko hori Osloko hirigune politikoko leherketan ere ikusi dutela eta, beraz, atxilotuak lotura duela bi erasoekin.

Utoyako irlako tiroketaren ondorioz, hamar gazte hil direla berretsi du Poliziak, baina oraindik ez dago argi zenbat hildako eta zauritu utzi dituen irlako erasoak. Lekuko batzuen arabera 30 izan daitezke. Hortaz, oraingoz hamazazpi dira bi erasotan hildakoak.

Tiroketaren erantzulea atxilotu du Poliziak, eta ziurtatu du atxilotuak bi atentatuekin lotura duela, atxilotua bi erasoetan ikusi dutelako. Orain ikertzen ari dira, erasotzailea bakarra izan ote den, edo laguntzarilerik eduki ote duen.

Osloko hirigunea, "gerra eremu"

Osloko hirigune politikoan gertatutako leherketak, lekukoen arabera, lehen ministroaren bulegoa ere kaltetu du. Baina, leherketa gertatu den unean, lehen ministroa ez zen bere bulegoan. Gainera, hamazazpi solairuetako leihoak hautsi ditu zartadak. Ondoko ministerioen eraikinetan ere kalteak izan dira; Petrolioaren Ministerioaren egoitzak, esate baterako, su hartu du. Norvegiako kazeten esanetan, "gerra eremua" balitz bezala gelditu da ingurua.

Poliziak ez du baztertu hirian edo Utoya irlan lehergailu gehiago egotea, eta miaketak egiten aritu da arratsaldean. Horrekin batera, hirigunetik aldendu eta etxean gelditzeko eskatu dute Poliziak berak eta lehen ministroak. Eskuko telefonoen erabilera ere mugatu dute, arratsaldean.  

Atxilotutako gizonak bi erasoetan zerikusia duela azaldu duen arren, Poliziak ez du datu zehatzik eman atxilotuari eta bere motibazioari buruz. Erasoen arrazoia ez dagoela argi eta aukera guztiak zabalik dituela azaldu dute Polizia ordezkariek, eta atxilotuak ez duela inoiz Poliziarentzat lanik egin adierazi dute.

Egunean zehar, atentatuen atzean nor egon zitekeen eztabaida eta hipotesiak zabaldu dira. New York Times kazetaren arabera, Ansar al-Jihad al-Alami izeneko taldeak bere gain hartu du Osloko ekintzaren erantzukizuna. Norvegiako Kontseilu Islamikoko buruzagi Mehtab Afsar-ek, berriz, erasoa gaitzetsi du: "Norvegia gure etxea da, nire etxea da; atentatua gaitzesten dut eta Norvegiako Kontseilu Islamikoak ere gaitzesten du, horien atzean dagoena dagoela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.