Gutxienez hemezortzi lagun hil ziren atzo Nigerian, NBE Nazio Batuen Erakundeak Abujan duen egoitzaren aurkako atentatu batean. Hildakoez eta zaurituez gain, erasoak kalte material ugari eragin zituen eraikinean, eta hainbat langile barruan harrapatuta geratu ziren. Boko Haram talde armatu islamikoak bere gain hartu du erasoa, BBC kateari egindako telefono dei baten bidez.
«Honda markako auto bat izan da, eta atentatuaren egilea momentuan bertan zendu da», adierazi du Mike Zuokumor Nigeriako Poliziaren arduradunak. Erasoaren unean eraikinaren aurrean zeuden segurtasun indarrek Zuokumorren adierazpenak berretsi dituzte: «Gizon bat auto bat gidatzen heldu da, sarrera behartu eta eraikinaren aurka jo du». Horien arabera, gizonezkoak bonba bat lehertarazi zuen autoaren barruan zela. Ocilaje Michael NBEko langilea eraikin barruan zegoen leherketaren unean. «Leherketa ikusi dugu, azpiko solairuko lagun guztiak hilik daude. Euren gorpuak lurretik barreiatuta daude», azaldu du.
Segurtasun gehiago
Boko Haramek erasoa bere gain hartu aurretik, taldea armatua susmagarritzat zuten Gobernuko segurtasun indarrek, AQMI Magreb Islamikoko Al Kaedarekin batera. Azken hilabeteetan atentatu ugari egin ditu Boko Haramek Nigerian; azkena joan den ostegunean izan zen, eta gutxienez hamabi lagun hil zituen. Nigeriako NBEko eraikin guztietan segurtasun neurriak areagotu dituzte azken hilabetean, talde armatuaren erasoen beldur. 2010ko uztailetik 250 lagun hil ditu talde islamikoak; tartean, politikariak eta poliziak. Taldearen helburua lege islamikoa Nigerian ezartzea da.
Nigeriako presidente Goodluck Jonathanek «zentzurik gabeko eraso basati eta koldar» gisa definitu du atentatua. «Munduko bakearen aurkako erasoa da», gaineratu du. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere «atentatu lazgarria» gaitzetsi du, etagertatutakoa ikertuko duen talde bat osatuko duela adierazi du. Dagoeneko bidali ditu bi ordezkari kasua ikertzeko.
Gutxienez hemezortzi lagun hil dituzte Nigerian NBEren egoitzaren aurkako erasoan
Auto batek eraikinaren aurka jo eta leherketa eragin du; Boko Haram talde islamikoak bere gain hartu du atentatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu