Honduras

Gutxienez hemezortzi preso hil dira borroka batean

Azken 48 orduotan bi borrokaldi gertatu dira Hondurasko kartzeletan, eta 36 gatibu hil dira denera.

Poliziak San Pedro Sulako gorputegia zaintzen. Hara eman zituzten osteguneko tiroketan hildakoak. JOSE VALLE / EFE
2019ko abenduaren 23a
16:09
Entzun

Tegucigalpa hiriburutik gertuko El Porvenir kartzelan borroka piztu da Euskal Herrian gaua zela, eta agintariek baieztatu dute gutxienez 18 preso hil direla. Hondurasen azken 48 orduetan bi istilu piztu dira kartzeletan, eta gutxienez 36 preso hil dira denera.

Batzorde batek espetxearen kontrola hartu zuen ostegunean, gobernuak kartzeletan larrialdi egoera aldarrikatu ondoren. Izan ere, ostiralean beste hemezortzi preso hil ziren Telako kartzelan, tiroketa batean, eta beste hamabi bat zauritu zituzten. Kartzelen batzordeak adierazi duenez, istiluak beren-beregi sortu dituzte, agintariek kartzelen kontrola hartzea eragozteko. «Talde kriminaletako batek erabakia hartu du prozesua zapuzteko», esan du Luis Suazo Gobernuko Segurtasun koordinatzaileak. Suazok gaineratu du bandek giza eskubideen erakundeen «arreta piztu» nahi dutela istiluokin.

Hala, bada, lortu egin dute arreta hori. Nazio Batuen Erakundeak kezka agertu zuen atzo Hondurasko kartzelen egoeraren inguruan. Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak Hondurasko Gobernuari exijitu dio «presoen bizitza eta giza eskubideak bermatzeko eta ikerketa azkar, eraginkor eta garden bat abiatzeko».

Erdialdeko Amerikako herrialde horretan 30 kartzela inguru daude, eta 8.000 presorentzako lekua daukate, baina 22.000 pertsona dauzkate haietan gatibu. Horietako erdia baino gutxiago epaitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.