Zimbabwe

Gutxienez hiru herritar hil dituzte hauteskundeen emaitzak jakinarazi osteko liskarretan

Mnangagwaren alderdiak irabazi ditu Zimbabweko bozak, emaitza ofizialen arabera. Emaitzak "manipulatzen" ahalegindu izana egotzi dio oposizioak egungo estatuburuari.

Aldaketa Demokratikoaren Mugimenduko jarraitzaile bat protestan, segurtasun indarren oldarraldiari ihesi. YESHIEL PANCHIA, EFE
2018ko abuztuaren 1a
07:07
Entzun

Iaztik agintean den Emmerson Mnangagwaren alderdiak, ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoak, 109 eserleku lortu ditu orain arte, eta Nelson Chamisak, oposizioko hautagai nagusiak, 41. Hala, botoak zenbatzen amaitu ez duten arren, Hauteskunde Batzordeak ZANU-PFri eman dio garaipena.

Batzordeak nabarmendu du asteleheneko bozak "garbiak eta iruzurrik gabeak" izan zirela. Ordea, oposizioak "emaitzak manipulatzen" ahalegindu izana leporatu dio Mnangagwaren alderdiari. Horiek hala, eurak ere botoak zenbatu dituzte, eta zenbaketa horren arabera, Chamisaren MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduak irabazi ditu bozak.

Oposizioko jarraitzaileak kalera atera dira protestan Harare hiriburuaren erdigunean, eta orduak pasatu ahala tentsioa asko handitu da. ZBC telebista publikoaren arabera, hiru lagun hil dira "biolentzia politikoaren ondorioz". Aurrez, AFP berri agentziak zabaldu du armadak manifestari bat hil duela tiroz.

Presidentea, parlamentua eta udalak aukeratzeko hauteskundeak egin zituzten joan den astelehenean. Presidentetzarako hauteskundeen emaitzak argitaratzeko larunbaterako epea du Hauteskunde Batzordeak. Priscilla Chigumba batzordeko presidenteak esan du "prozesu legalak bukatu bezain azkar" argitaratuko dituztela. 23 hautagai aurkeztu ziren, baina Mnangagwaren eta Chamisaren artean egongo da lehia.

Robert Mugaberen 37 urteko agintaldia estatu kolpe batekin amaitu zen. Iazko azaroan presidenteorde karguan zen Mnangagwa kargugabetu egin zuen Mugabek, baina erabakia ez zen armadaren gustukoa izan eta dimisioa ematera behartu zuen hiru hamarkadaz estatuburu izandakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.