Irakeko okupazioaren ondorena

Gutxienez hiru hildako eta hamar zauritu utzi ditu Bagdad erdiguneko hotel batean izan den eztandak

Gutxienez hiru hildako eta hamar zauritu utzi ditu Bagdad erdiguneko hotel baten aurrean lehertu den bonba-autoak. Hotel horretan Sami Hasara al-Masum Irakeko Lan eta Gizarte gaietarako ministroa zegoen, baina ez du zauririk jasan, polizia iturriek esan dutenez. Hildakoen artean segurtasun enpresako kide bat dagoela nabarmendu dute, eta zauritu gehienak polizia irakiarrak dira.

2004ko urtarrilaren 28a
12:39
Entzun
Lekukoen arabera, goizaldeko 6:30ak aldera noranahiko ibilgalu bat abiadura bizian zihoan Shanin hotelera, eta hotelaren ateen aurrean egin du eztanda. "Autoa gerturatzen ari zenean, segurtasuneko kideak tiroka hasi dira, eta auto barrukoek ere tiroka erantzun diete, Une horretan autoak eztanda egin zuen", esan du hoteleko langile batek.

Hotelaren sarreratik metro gutxira eztandak eragindako zulo handi bat zegoela esan du lekuko horrek, eta inguruetan dozena bat auto sutan zeudela nabarmendu du. "Lanera nijoan eztanda entzun dudanean. Hurbildu egin naiz eta bi gorpu topatu ditut txiki-txiki eginda", esan du beste lekuko batek.

Lehen ikerketan arabera, atentatu horren helburua Sami Hasara al-Masum Irakeko Lan eta Gizarte gaietarako ministroa hiltzea zen.

Atzo AEBetako sei soldadu hil zituen erresistentziak Bagdad hegoaldean, baita CNN telebista kateako bi langile, itzultzaile bat eta gidari bat ere, gidatzen zuten autoari tiroz eraso ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.