Errusia

Gutxienez sei hildako izan dira Errusiako unibertsitate batean izandako tiroketan

Perm hiriko unibertsitate batean gertatu da tiroketa. Poliziak ustezko erasotzailea atxilotu du. Susmagarria unibertsitate horretako ikasle bat dela zehaztu du.

2021eko irailaren 20a
11:59
Entzun

Tiroketa gertatu eta gutxira atxilotu dute susmagarria, Errusiako Perm hirian —Moskutik 1.300 kilometro ekialdera—. Gutxienez sei pertsona hil dira erasoan eta hogei baino gehiago zauritu.

Tokiko hedabideen arabera, ikasleek izututa egin dute ihes unibertsitatetik tiroak hasi direnean. Batzuk jauzi egin dute lehen solairuko leihoetatik; beste batzuk ikasgeletan gorde dira eta barrikadak altxa dituzte ateak trabatzeko.

Gisa honetako erasoak ez dira ohikoak Errusian, baina maiatzaren 11an beste bat izan zen Kazan hirian. Tiroketa hark armen salmentarako kontrola zorroztera bultzatu zuen gobernua. Suzko arma bat erosteko gutxieneko adina 18 urtetik 21era handitzea erabaki zuen. Neurria ez da sartu oraindik indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.