Gazako Magazi errefuxiatu gunean izandako borroketan gutxienez sei ekintzaile hil zituen, atzo, Israelgo armadak.Asteartean abian jarritako erasoak ez du etenik, etahorren ondorioz, dagoeneko hogei bat ekintzaile hil dituztela azaldu dute armadako informazio iturriek.
Atzo, Israelgo armadako soldaduek tanke eta antzekoekin egin zieten aurre miliziano palestinarrei, eta, hauek koheteekin eta granadak jaurtitzeko gailuekin erantzun zieten. Israelgo armadako iturrien arabera, hiru soldadu zauritu ziren borroketan, horietako bat larri.Ez dute azaldu zenbat miliziano palestinar zauritu ziren borroketan, ez eta biktimen artean zibilik zegoen ere.
Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak eman zuen aste honen hasieran Gazaren kontrako erasoak gogortzeko agindua. Gazaren aurka inbasio handi bat berehalakoan egiteko asmorik ez dutela nabarmendu du, baina milizien kontra gogor ekiteko eskatu du. Bereziki koheteak jaurtitzen dituzten ekintzaileen kontra egin nahi du; Israelgo militarren aburuz, 190.000 zibil inguru bizi dira Israelen, Gazako mugatik gertu, milizianoek jaurtitzen dituzten koheteen mehatxupean, eta haiek babestu nahi dituzte.
Ekainetik Hamasen kontrolpean dago Gaza, eta tentsio handiko uneak izan dituzte bertan. Aste honetan Ismail Hania buruzagi islamistak su-etena hitzartzeko eskaintza jarri du mahai gainean, baina Tel Avivek ez du onartu. «Hau gerra bat da, eta ez du etenik izango», erantzun du, Israelgo egunkarien arabera, Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak Hamasen eskaintzaren harira. Antza, meniren bat hitzartzen badute, horretaz baliatuz miliziak indartu egingo diren susmoa dute Israelgo buruzagiek, eta horretan oinarrituz egiten diote uko bakerako eskaintzari.
Milizianoek, beren aldetik, Israelen kontrako erasoekin jarraitu zuten atzo; hiru kohete Al Kasam jaurti zituzten Israel hegoaldera eta horietako batek eskola bat jo zuen; 13 zibil --tartean hamar zibil-- bertatik atera behar izan zituzten.
KOKAGUNE GEHIAGO EZ JERUSALEMEN. Israelgo Etxebizitza ministro Zeev Boimek jakinarazi du, Jerusalemen juduentzako kokagune gehiago egin eta 10.000 etxe eraikitzeko egitasmoa jaso badu ere, uko egin diola. Annapolisen hitzartutakoa apurtzen zuen egitasmoak.
Gutxienez sei miliziano hil ditu Israelgo armadak Gazan, borroketan
Asteartean hasitako erasoaren ondorioz, denera hogei bat lagun hil dituztela diote Tel Aviveko iturriek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu