Iazko azarotik protesta jendetsuak egiten ari dira Bangkoken Yingluck Shinawatra lehen ministroaren gobernuaren kontra. "Sistema politika ustela" ordezkatzeko eskatzen dute oposizioak babestutako elastiko horiek kalean. Shinawatrak kargua lagatzea eta agintea herritarrek hautatu bako batzar bati ematea nahi du Suthep Thaugsubank manifestari buruak. Gobernuaren kontrakoak eta aldekoak elkarren kontrako liskarretan dabiltza harrezkero, eta azarotik hamar lagun hil dira liskarretan. Gaur bertan, bozen bezperan ere, izan dira liskarrak, eta gutxienez sei lagun daude zaurituta, horietatik lau tiroz.
Bihar dira legebiltzarra berritzeko hauteskundeak, baina oposizioko indar nagusiak, PD Alderdi Demokratak, elastiko horien manifestazioekin bat egin eta boikotera deitu du.
Funtsean, 2006ko estatu kolpetik dator arazoa, atzerago jo badaiteke ere. 1921etik militarrek 21 estatu kolpe eman dituzte Thailandian —bururaino eramanak, hamahiru—, eta azkena 2006koa izan zen. Thaksin Shinawatra kendu zuten boteretik orduan, Yingluck Shinawatra egungo lehen ministroaren neba, oposizioko elastiko horiek haren aurkako mobilizazio kanpaina gogor bat egin ondoren. Labur esanda, gobernuan daudenek elastiko gorrien babesa dute, herrialdeko iparraldeko nekazarien babesa; oposizioko elastiko horiek, berriz, hegoaldeko eta Bangkokeko goi eta erdiko klaseen eta armadaren babesa dute.
Bada, 2008tik atzerrian dago Thaksin Shinawatra lehen ministro ohia. 2006ko estatu kolpearen ostean ustelkeriagatik bi urteko espetxe zigorra ezarri behar ziotelarik egin zuen ihes, eta egungo gobernua itzalpetik gidatzea leporatzen diote manifestariek. Polizia koronel ohia, telekomunikazio enpresetan eginiko inbertsioei esker Thailandiako dirudun handiena bihurtu zen. Manchester City futbol taldea ere erosi zuen 2007an, 121 milioi euroren truke.