Gutxienez zazpi ekintzaile eta polizia bat hil dira Al-Kassim probintziako Al-Ras hirian igande goizaldean hasitako liskarretan. Gobernuko iturrien arabera, gutxienez 35 polizia ere zauritu dira tiroketan.
Mansur al Turki Saudi Arabiako Barne ministroak onartu zuenez oraindik ez dira igande goizaldean hasitako tiroketak amaitu, lauzpabost gizon armadunek segurtasun indarrei aurre egiten jarraitzen baitute. Saudi Arabiako hedabideek aditzera eman zutenez, «ezkutuko informazioaren» bidez izan zuten ustezko terroristen berri. Baina euren gordelekura ustekabean iritsi ziren arren, erreboltariek erasoari aurre egin ahal izan zioten. Polizia iturrien arabera, «oso ongi prestatuta» daude matxinatuak. Gau osoan entzun dira tiroketak Al-Ras hirian, Riad hiribururen iparraldean. Bertako bizilagunak beldurtu dituzte tiro hots horiek, gehienek ez baitzekiten ustezko ekintzaile talde bat hirian egon zitekeenik. Liskarrak gertatzen ari diren lekuaren inguruan dauden bi ikastetxe hustu ahal izan zituzten igande gauean. Baina hala ere, ehunka ume daude oraindik euren eskoletatik ezin irten; tiroketak amaitu artean behintzat.
Al Hayat nazioarteko egunkariaren arabera, segurtasun indarrei aurre egiten jarraitzen duten erreboltarien artean Sale al Oufi egon daiteke Al Kaeda sareko burua Arabiar Penintsulan. Baita Abdala Rushud ere sare osoko gidari erlijiosoa. Egunkariak baieztatu duenaren arabera, guztira 15 erreboltari zeuden Al-Rasen ezkutatuta baina oraindik ez dakite ziurtasun osoz horietariko batzuek ihes egin ahal izan duten ala ez.Erreboltariek granada-jaurtigailuak zituzten eta horiekin egin diete aurre erasotzaileei.eta poliziaren hainbat ibilgailu jo dituzte.
Ia 100 hildako bi urteko epean
Bi urtetik gora daramatzate liskarretan Saudi Arabiako segurtasun indarrek eta muturreko musulmanek. Ordutik hona ia 100 lagun hil dira eta beste asko zauritu. Hildako horien artean hainbat atzerritar izan dira. Saudi Arabian agintean den erret familiak entregatzen diren ekintzaileei barkamena emango dietela zin egin duen arren, agintariek Al Kaedarekin lotzen dituzten taldeek ez diote kasurik egin proposamenari.
Igande goizaldeko tiroketa horiek hasi baino bi egun lehenago, joan den ostiralean hain zuzen,agintariek hiru erradikali burua moztu zieten Al Jauf hirian. Hiru erradikal hauei 2003an egindako hainbat hilketa leporatzen zitzaizkien, estatuko funtzionario baten, legelari erlijioso baten eta polizia baten heriotzak, hain zuzen ere.Herriko plaza batean eta meskita baten ondoan moztu zizkieten buruak ekintzaileei. Exekuzioaren ondoren agintariek zutoin batean lotu zituzten ekintzaileen gorputzak. Aldez aurretik zutoin horien puntan euren buruak ezarri zituzten. Ohi bezala, gainontzeko erreboltariak ohartarazteko adibide gisa egin zuten.
SAUDI ARABIA
Gutxienez zazpi ekintzaile eta polizia bat hil dira tiroketetan
Igande goizean hasi ziren liskarrak segurtasun indarrek, ustekabean, ekintzaileei eraso zietenean, «ezkutuko informazioa» baliatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu