Venezuelako hauteskundeen biharamuna latza izan da; Chavezik gabeko jarduera korapilatu egin zaio Nicolas Madurori, hasi aurretik; ia herrialde erdia kontra dauka, eta heriotza batek halabeharrez presaka jarritako tokitik ekin beharko dio. Atzo, karguaren izendapena egin zuenean, goibel, zurbil zegoen, kezka nabari zitzaion, nekea. Gorbata eta traje elegantez jantzitako gizon handi hura txikituta zegoen. Eutsi zion iraganean hasi ohi duen diskurtsoari, Chavezi eta aberriari lotutako bizitza politiko eta pertsonalari. Errepikatu zuen bere aukeraketa “garaipen justu, popular eta konstituzionala” izan dela. Herria eta bere taldea gidatuko ditu, baina maiz esaten duen bezala,bera ez da Chavez; etengabe gogoraraziko diote, harekin konparatu.
Presidente dela orain barneratzen ariko balitz bezala zegoen atzo, lekuz kanpo sentitzen zen, urduri, gaizki esan ditzakeenen kalteen neurriaren kontzientzia hartzen, deseroso, barruan zeuden Latinoamerikako enbaxadoreen eta nazioarteko komunikabideen aurrean. Babes eman zioten gobernuko ministro, Batzar Nazionaleko diputatu, eta militarren goi kargudunek; baita egoitzaren kanpoan bere diskurtsoa bozgorailuetatik entzuten ari ziren herritarrek ere.Tonua eta diskurtsoa bera urratuta zezkan, gizarte hautsiaren larritasunak itota. Bere herriagatik kezkatzen baita, bestela nola eseri, Chavez bezalako baten aulkian.
Oposizioak makineria guztia martxan jarria du, eta Chavezen kontra egin ezin izan dituenen garaia iritsi da. Hauteskundeen emaitzak ez onartuta eta gobernuaren gidaritza ahulduta, aro berri, korapilatu eta ziurgabean sartu da Venezuelako politika. Datozen egunetan etorriko dira, banan-banan kontaketa eskatzen ari direnen urratsak eta estrategiak. Indarkerian murgiltzeko arriskua loratuko dute baten eta bestearen akusazioek, eta horri erantzuteko bakea eta maitasuna tresnatzat jo dituen arren, neurriak hartu beharko ditu, neurri eraginkorrak, herritarren bizitza hobetzeko, chavismoaren ondorengo presidente iheskorra izan nahi ez badu. Lana, lana eta lana agindu ditu hori gauza dadin.
Orain arte chavistena izan da kaleko mobilizazioa. Hemendik aurrera oposizioarena ere izango da. Atzo ordubete baino gehiago kazerolada egin zuten, eta gaur eta bihar, estatu guztietako CNE Hauteskundeen Batzorde Nazionaleko egoitzetan kontzentrazioetara deitu du. Ostegunean,berriz, manifestazio nazionalera, Caracasen. Ostiralean jai eguna da Venezuelan, hain justu, Caracasko udalbatzak, herritarren, armadaren eta Elizaren laguntzaz Vicente Enparan kapitain general espainiarra eta gainerako funtzionarioak bota zituztela ospatzen dute. Independentziaren eguna. Kalea hartzeko efemeride ezin egkiagoa.
HItzordurik jarri behar izan gabekoak ere badira Caracasen. Dibisay Lucena CNEko presidentearen etxea txikitzen saiatu ziren atzo; Barcelona estatuan PSUV Maduroren koalizioaren egoitza erretzen saiatu ziren, eta chavistek autobide nagusia itxi zuten, oposiziokoek kazerolada egiten zuten bitartean. Tiro hotsak ohikoak diren hirian, segurtasun indarren presentzia handiagoa nabaritzen da Tentsioa airean dago; usaindu egiten da.