Mundua

Gutxienez zazpi lagun hil dituzte Hego Osetian, Errusiaren kuartel baten ondoan izandako leherketan

Bonba-auto bat eztandarazi dute, eta hango arduradunek Georgiari egotzi diote atentatuaren ardura. Beste lau pertsona zaurituta daude. Tskhinvali hiriburuan izan da erasoa.

2008ko urriaren 3a
18:19
Entzun
Ezezagun batzuek bonba-auto bat eztandarazi dute gaur arratsaldean Hego Osetian, Errusiaren "bake tropen" kuartel baten atarian, eta zazpi lagun behintzat hil egin dira. Beste lau zaurituta daude. Tskhinvali hiriburuan izan da atentatua. Lehen informazioaren arabera, soldaduak eta zibilak daude hildakoen artean.

Georgian dago Hego Osetia. Hala ere, Errusiak, Georgiaren eta bere arteko abuztuko borroken ostean, hil horretako 25ean Hego Osetiaren -eta Abkhaziaren- independentzia aldarrikapena onartu zuen, eta milaka soldadu ditu han.

Eduard Kokoiti Hego Osetiako buruzagiak Georgiari leporatu dio erasoaren ardura. "Azkenaldian atentatuak izan dira hemen, eta horrek erakusten du Georgiak ez diola uko egin estatu terrorismoari. Zalantzarik ez da izan behar: gaurko hau ere Georgiako zerbitzu bereziek egindako da".

Hego Osetiaren eta Georgia gerran egon ziren eta 1992an amaitu zuten, alde bietan bi mila hildako utzita. Georgiak, Errusiatik independentzia lortu orduko, autonomia kendu nahi izan zien Abkhazia eta Hego Osetia lurralde autonomoei, eta biak matxinatu egin ziren. Errepublika autonomoak dira, baina estatutik banatzeko burujabetza nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.