Ramadanaren bukaerako Aid el Fitr jaia istilu artean ospatu dute Sirian. Gutxienez zazpi lagun hil zituzten atzo erregimenaren aurkako protestetan, oposizioaren arabera. Kazetariek herrialdean sartzea debekatuta dute, eta gatazken inguruko iturri nagusiak oposizioa eta telefono bidez nazioarteko hedabideekin harremanetan paratutako herritarrak dira. Horren arabera, bi egunetan hamazazpi lagun hil dituzte.
Herri Koordinaziorako Batzordeek diotenez, Harran (herrialdearen erdialdean) lau lagun hil zituzten atzo. Horien aldeko hiletak oztopatzeko, berriz, armadak hilerrira begira metrailadoreak kokatu zituela dio erakunde horrek. Hims probintzian, berriz, herrialdearen erdialdean, armadak hango hiriburuko auzo gehienak hartu zituen manifestazioak saihesteko asmoz. Hildako baten berri eman dute Herri Koordinaziorako Batzordeek. Dara probintzian (hegoaldean) bertze bi manifestari hil dituztela diote. Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiaren arabera, iragan martxoan Bashar al Assaden erregimenaren aurkako protestak hasi zirenetik, 1.958 zibil eta estatuko indarretako 459 kide hil dira.
Gehiengo sunitari keinua
Presidenteak, hain zuzen, Damaskoko meskita batean ospatu zuen Aid el Fitr jaia, Siriako suniten buruzagi erlijioso nagusi Ahmed Hasunen ondoan. Sunitak Siriako populazioaren %75 inguru dira. Al Assad, ordea, gutxiengo alauitaren kide da —xiiten adar bat—. Erregimenaren botere esparru zibil eta militar gehienak azken horien esku daude, eta sunitak bazterkeriaz kexu dira. Horiei keinu egin nahi izan die buruzagi erlijioso sunitekin agertuta.
Nazioartean, berriz, AEBek erregimeneko zenbait kideren aurka zabaldu ditu aurrez hartutako zigor neurriak ekonomikoak. Zehazki, Atzerri ministroaren, presidentearen bozeramailearen eta Libanoko enbaxadorearen aurka.
Protestak herrialde arabiarretan
Gutxienez zazpi lagun hil dituzte Sirian, Ramadan amaierako protestetan
Al Assad presidenteak herrialdeko suniten buruzagi erlijioso nagusiarekin ospatu du jai santuaren bukaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu