Erasotzaile bat tiroka hasi da Santa Feko institutu batean, Houstenetik gertu (AEB), eta hainbat lagun hil ditu erasoan. Tokiko hedabideek zabaldu dituzten lehen datuen arabera, zortzi dira tiroketan hildakoak. NBC kateak jakinarazi duenez, erasotzailea atxilotu egin dute eta poliziaren zaintzapean dago.
Ed Gonzalez Harris konderriko sheriffak adierazi duenez, hildako gehienak institutuko ikasleak dira.
Poliziak 17 urteko ikaslea atxilotu du, ustezko erasotzailea delakoan, eta beste hainbat laguni galdeketak egin dizkie, gertakariekin lotura izan dezaketela iritzita.
Efe berria agentziak adierazi duenez, irakasle batek ikasle bat ikusi du armaturik ikastetxera hurbiltzen eta suteetarako alarma piztu du, barruan zirenek eraikina utz zezaten. Erasotzailea tiroka hasi da orduan.
Ikasle batzuk azaldu dute tiroen ostean leherketak entzun dituztela, eta Santa Feko poliziak baieztatu du lehergaiak atzeman dituztela eraikin barruan eta ikastetxearen inguruan.
Poliziak ikastetxea itxi du eta ikasleak babestuta eraman dituzte institutuko gimnasio batera. Gurasoekin elkartu dira bertan.
Gaurko erasoa Parklandekotik (Florida, AEB) hiru hilabetera gertatu da. Ikasle ohi batek 17 lagun hil zituen orduan fusil batekin, eta gertaerak armen kontrolerako politiken aldeko mobilizazio jendetsuak piztu zituen AEBetan. Donald Trump herrialdeko presidentea armen erabilera arautzearekin ados agertu zen orduan, baina orain artean ez du neurririk zehaztu.
Trumpek elkartasuna adierazi die kaltetuei, Twitter bidez. "Tiroketa Texaseko ikastetxe batean. Lehen albisteak ez dira onak. Jaikoak guztiak bedeinka ditzatzala!", adierazi du.
School shooting in Texas. Early reports not looking good. God bless all!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 18 de mayo de 2018
2018 urtea hasi denetik, 22 tiroketa izan dira AEBetako ikastetxeetan.