AEB-ak

Gutxienez zortzi pertsona hil dituzte Indianapolisen gertaturiko tiroketa batean

Mezularitza enpresa baten bulegoetan tiroka hasi da pertsona bat. Gero bere buruaz beste egin duela esan du Poliziak.

Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 16a
08:53
Entzun

Tiroketa bat gertatu da gaur goizaldean Indianapolis (AEB) hiriko aireportutik gertu, eta, hango Poliziak esan duenez, hainbat biktima daude. Agintariek esan dutenez, gutxienez zortzi pertsona hil dira. Tiratzaileak bere buruaz beste egin duela esan dute.

FedEx mezularitza enpresak Mirabel Road kalean duen bulegoan gertatu da tiroketa. Deiak jaso ditu Poliziak handik, eta hara heldu direnean «tiratzaile aktibo» bat zebilela ikusi dute. Genae Cook Poliziaren eledunak esan duenez, hainbat pertsona bala zauriekin topatu dituzte, eta tiratzaileak bere burua hil du.

Hainbat pertsona erietxetara eraman dituztela gaineratu du.

Nerabe bat tiroz hilik Chicagon

Heriotza martxoaren 29koa da, baina Chicagoko Poliziak atzo zabaldu zituen irudiak. Bideoan ikus daiteke nola 34 urteko Eric Stillman polizia autotik jaisten den, eta Adam Toledoren atzetik lasterka abiatzen den. Poliziak gelditzeko oihukatzen dio 13 urteko gazteari, eta besoak altxatzeko eskatzen dio jarraian. Toledok eskuak altxatzen ditu, baina, aldi berean, poliziak tiro egiten dio bularrean, eta hura lurrera erortzen denean, haren ondora joaten da lasterka.

Chicagoko Little Village auzoan gertatu zen tiroketa, martxoaren 29ko goizaldean, eta irudiak poliziak berak bularrean zeraman kameratik jasotakoak dira. Tiroketaren ostean, Stillmanek berak oihuka esaten du pertsona bat zaurituta dagoela, eta anbulantzia bat eskatzen du irratitik.

Chicagoko Polizia Departamentuaren arabera, Toledok arma bat zuen eskuetan, eta horregatik egin dio tiro Stillmanek. Irudietan nerabeak eskuak airean dituela ikusten da.

Poliziak argudiatu du arma bat bazuela korrika ihes egiten saiatu zenean, baina tiroa jaso baino segundo batzuk lehenago bota zuela, hesi baten atzera.

Toledoren familiako abokatuak adierazi du gazteak bete egin zituela poliziaren aginduak, eta hark tiro egin baino lehen bota zuela arma lurrera. «Ez dakit poliziak bazuen nahikoa denborarik zer egin pentsatzeko, baina jakin badakit segurtasun indarrek trebatuta behar luketela armarik gabe dauden pertsonei tirorik ez egiteko», salatu du Adeena Weiss Ortiz abokatuak.

Irudiak zabaldu eta ordu gutxira protestak piztu dira Chicagon, eta Toledoren senide eta lagunek elkarretaratzeak egin dituzte Poliziaren indarkeria salatzeko. Haren hilketaren irudiak asteburuan Minneapolisen Poliziak beste gazte afro-amerikar bat hil eta gutxira zabaldu dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.