Greziako Kalymnos eta Rodas uharteetan bi hondoratze izan dira bart, eta gutxienik 21 iheslari hil dira; horietatik 13, haurrak. Ehun lagunetik gora zihoazten bi itsasontzietan.
Atzo, beste 54 iheslari Europara zekartzan beste itsasontzi bat hondoratu zen Marokotik Espainiara bidean. Lau lagun hil ziren, eta 39 etorkin galdu egin dira itsasoan, tartean besoetako bi haur. Espainiako larrialdi zerbitzuek 15 iheslari erreskatatu zituzten, eta Malagako porturaino eraman.
Asteazkenean, beste 300 iheslari Europara zekartzan beste itsasontzi bat irauli zen Mediterraneoan, Grezian, Lesbos uhartean. Haietatik 11 gorpu eta beste 242 onik erreskatatu zituzten. Orain, itsasoan galdutako 40 lagunen bila ari dira.
Larrialdi zerbitzuen arabera, ia mila lagun erreskatatu dituzte aste honetan Mediterraneoko uretan. ACNURen datuen arabera, urtea hasi denetik, 700.000 mila iheslari baino gehiago iritsi dira Europara Mediterraneoan barrena; 3.250 bidean hil dira, itota. Horietako asko, adingabeak; irailaren hasieraz geroztik, 70 haur hil dira Turkiatik Greziara bidean izaniko hondoratzeetan.