Guyanako Essequibo lurraldea erreklamatzearen alde bozkatu dute Venezuelan

Erreferenduma ez da loteslea izan; parte hartzea %50 ingurukoa izan da, eta boto emaileen %96k bozkatu dute baietz. Madurok esan du etapa «berri eta indartsu batean» sartu direla.

VENEZUELA GUYANA
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, erreferendumaren emaitza jakin ondoren jarraitzaileak agurtzen, gaurko ordu txikietan, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 4a
12:30
Entzun

Hego Amerikaren ipar-ekialdean, 160.000 kilometro koadroko eremu bat —Grezia eta Portugal baino handiagoa— tentsio eta gatazka iturri bilakatu da berriz ere. Ehun urte baino gehiago dira Essequibo lurraldea Guyanaren kontrolpean dagoela, baina Venezuela ez dago ados horrekin, eta oraindik ez du amore eman erreklamazioaren inguruan. Subiranotasunaren eta nazionalismoaren argudioez harago, bi herrialdeek badituzte interes ekonomiko eta geopolitikoak: Essequibok petrolio, urre eta mineral erreserba handiak ditu, eta Ozeano Atlantikorako beste sarbide bat da. Nahikoa arrazoi, hortaz, nork bere jarrerari eusteko. Eta, ehun urte baino gehiago pasatu diren arren, oraindik inork ez du lortu afera behin betiko konpontzea. Hortaz, jokaleku hori baliatu du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak presioa handitu eta lurralde horren anexioari buruzko erreferendum bat egiteko; atzo bozkatu zuten, eta boto emaileen %96 agertu ziren eremua erreklamatzearen alde —parte hartzea %50 ingurukoa izan zen—.

Galdeketa ez da loteslea, eta ez dago argi zeintzuk izango diren haren ondorioak, ezta Maduroren hurrengo pausoak ere. Edonola ere, Venezuelako presidenteak gaurko ordu txikietan esan du, xehetasun gehiagorik eman gabe, etapa «berri eta indartsu batean» sartu direla Essequiboren erreklamazioari buruzko aferan: «Gure herrialdearentzat eta gure demokraziarentzat erabateko arrakasta izan da». Tentsioa handia da, eta horren erakusle da Guyanako presidente Mohamed Irfaan Alik joan den astean bi herrialdeen arteko mugatik gertu pasatu zuela gau bat soldaduekin, gatazka iturri den eremu betean, eta jantzi militarra soinean zuela.

Venezuelak erreklamatzen duen lurraldea
 

Ali gogor mintzatu da erreferendumaren emaitzez, eta adierazi du inork ez duela Guyana «zapalduko» afera horretan: «Ez propagandak ez gezurrek ez dituzte nire edo guyanarren bihotzak beldurtuko». Eta, beste behin ere, Venezuelari eskatu dio Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiak errespetatzeko eta eskualdearen bakeaz kezka duela adierazteko.

Berez, Guyanak badu kezkarako arrazoirik. Erreklamazioari buruz galdetzeaz gain, atzoko erreferendumean beste lau galdera egin zituzten —guztietan irabazi du baiezkoak—, eta horietako batek galdetzen zuen herrialde bizilagunaren ekintzen aurka egitea «baliabide guztiak erabilita». Beste batean, herritarrek bozkatu dute Nazioarteko Justizia Auzitegiaren jurisdikzioa ez aitortzea afera horretan; hain justu, gatazkaz ebaztekoa da auzitegi hori, baina oraindik ez du erabakia jakinarazteko datarik eman —baliteke urteak behar izatea horretarako—.

Horrekin lotuta, joan den ostiralean, Guyanak galdeketa bertan behera uzteko eskatu zion Nazioarteko Justizia Auzitegiari, baina epaileek ez zuten halakorik egin. Hori bai, Venezuelari ohartarazi zioten ez duela lurraldearen egoera aldaraziko lukeen «ezer» egin behar, eta kezka agertu zuten azken erreferendumeko galderaren inguruan, zeinaren bidez gobernuak boto emaileen baimena jaso duen Essequibo estatua sortu, eta han bizi diren 125.000 herritarrei venezuelar nazionalitatea emateko.

Nazioarteko babesak

Nazioarteko babesei dagokienez, Guyanak zenbait potentzia ditu aldeko Venezuelarekiko gatazka horretan. Kasurako, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak defendatzen dute haren jarrera, baita Brasilek ere, eta horrek zaildu egin dizkio asmoak Caracasi, harekin oso kritiko agertu baitira. Georgetownek Caricom Karibeko Komunitatearen eta Commonwealthen laguntza eta sostengua ere eskatu du.

Hain justu, Essequibok muga egiten du azken herrialde horrekin ere, eta, hori aintzat harturik, aferak kezka eragin du Brasilian ere. Brasilgo Defentsa Ministerioak joan den asteazkenean esan zuen «defentsa ekintzak areagotu» zituztela, eta presentzia militarra handitu zutela Guyanaren kontrolpean dagoen eremu horretatik gertu.

Eta etxean ere, Maduroren kritikoen ustez, Venezuelako presidentearentzat datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako kanpaina abiatzeko modu bat da Essequibori buruzko gatazka; hau da, lurralde horri buruzko subiranotasuna bere interesen alde baliatzen ari dela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.