Dozenaka lagun aritu ziren istripua izan zuen hegazkineko biktimak artatzen. Hegazkinaren inguruan ikusitako irudi izugarrien berri eman zieten hedabide eta berri agentziei. Denak bat zetozen: izugarria izan zen ikusi zutena. «Hegazkinean aurkitu duguna ezin da kontatu. Deskribaezina zen», adierazi zuen sua amatatzen ibilitako suhiltzaile batek. «Batek uste du denerako prest dagoela, baina hau dena ikusi eta gero, ohartzen zara ez dela hala», adierazi zuen.
Ez zen gutxiagorako. MD-87 hegazkineko hondakinak 100 metroko distantziako bazterrotan aurki zitezkeen, sakabanatuta. Hegazkinaren kabina baino ez zegoen osorik. Gainerako guztia errauts eginda zegoen, sua hartu eta gero hegazkinak hartu zuen tenperatura altuaren ondorioz.
Gorpuak ere kiskalita zeuden, hondakinen artean. Erreskatatze lanetan ibilitako AENAko langile batek era honetan azaldu zuen ikusitakoa: «Hegazkina hautsita zegoen, eta dena gorpuz beteta».
Sorosle bat ere hunkituta zegoen egoerarekin: «Ez dut horrelakorik ikusi bizitza osoan». 60 anbulantzia jardun ziren erituak hartu eta eramaten. Ehunka sorosle, mediku eta erizain. Orduak aurrera joan ahala, tragediaren tamaina ere handitzen zihoan. Izan ere, biktimen kopurua handiagoa zen ordutik ordura.
Polizia batek modu honetan azaldu zuen hegazkinaren inguruan ikusitako egoera: «Ez dago hegazkin baten itxura duen ezer, dena kiskalita dago».
Bitartean, zauritu eta hildakoen senideak berrien zain ziren, gero eta kezkatuago. Haietako asko Kanarietan itxaroten zituzten hegazkinean zihoazenak. Leticia Morillo hegazkinean zihoan, eta Kanaria Handian zen Rafael aita, albisteen zain, gero eta ezkorrago: «Gero eta itsusiago jartzen ari da hau», esan zion Efe berri agentziari. Izan ere, hasieratik segitu zuten kezkarekin gertatutakoa. Marcos Hernandez, hegazkinean zihoan bidaiariak Kanaria Handian zen amonari ohartarazi zion hegazkinak buelta eman zuela, arazoren batengatik. Apur bat geroago gertatu zen istripua.
«Guztia erreta zegoen»
Istripuko biktimak artatzen jardun zirenak ikaratuta eta hunkituta agertu ziren ikusitakoarekin: «Hegazkina hautsita zegoen, eta dena gorpuz beteta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu