Iragan maiatzaren 19an alderdi guztietako ordezkariak erregearekin bildu ziren aurrenekoz. Lehen ministroa izendatzea baino lehentasuna sistema demokratikoa ezartzea zela ohartarazi zioten Gyanendrari. «Memento honetan lehen ministro bat izendatzea ez da inportantea, baldin eta lehenago ez badira sakoneko arazoak konpontzen», adierazi zuen atzo Nepalgo Kongresuaren Alderdiko kide Ram Sharan Mahatek.Nepalgo Alderdi Komunistako ordezkari Amrit Boharak alderdien artean «alde txikiak» daudela onartu zuen atzo: «Dena den, ez dugu bost alderdien artean dagoen batasuna hautsiko; izan ere, arazo larriena da subiranotasuna herritarrengan uztea».Gyanendra erregeak 2002. urteko urrian, «ustelkeria» eta «gaitasun eza» leporatuta, bertan behera utzi zituen hiru urte lehenago demokratikoki bozkatu ziren Gobernua eta Legebiltzarra. Geroztik, herrialdeko bost alderdi nagusiek bat egin dute erregearen boterea murriztu eta demokrazia ezar dadin aldarrikatzean. Ildo horretan, iazko ekainean Nepalgo Alderdi Komunistako buru Madhav Kumar proposatu zuten lehen ministro izateko maiatzaren 3an atxilotu zuten, baina hautagaia baztertu eta bere sistema monarkikoari baldintzarik gabeko babesa ematen dioten agintariez baliatu da erregea orain arte. Herritarren artean izan duen sostengua, ordea, urria izan da oso, eta azkenaldian areagotzen ari dira bere kontrako protestak. Apirilaz geroztik egunero manifestazioak egin dituzte herrialdean eta errepide nagusiak moztuta daude. Apirilaren 6an eta 7an greba orokorra egin zuten herritarrek, maoistek deituta. Maoisten buruzagi Pushpa Kamal Dahalek «indar politiko guztiek erregearen kontra bat egiteko» deia egin zuen.Maiatzaren 11n eta 12an bestegreba orokor batera deitu zuten alderdiek eta orduan ere oso sostengu zabala izan zuen herrialde osoan. Protestek berehala eragin zituzten ondorioak eta maiatzaren 19an Surya Bahadur Thapa lehen ministroak kargua utzi zuen, dimisioak «bakea eta adostasuna» ekartzea espero zuela adieraziz. Alderdi politikoek aurrerapausotzat eta euren aldarrikapenen aurreneko garaipentzat jo zuten dimisioa.
Aldarrikapen bakarra
Gyanendra erregea gero eta bakartuago dago Hanuman Dhoka Jauregian. Egunetik egunera zabalduz ari dira bere kontra ari diren fronteak eta bere jarrerak hainbat eta hainbat urtetan zatituta egon diren gizarteko talde guztiak batzea eta elkarrekin bere kontra egitea eragin du.
2001. urteko ekainean Birendra errege ohia eta errege familiako beste zazpi kide hil izana leporatzen diote herritarrek oraindik ez da argitu gertatutakoa eta ez diote barkatu herrialdean boterea partekatzeko hainbat neurri ezarri zituen Birendra erregea hil izana. Haren garaian herritarren artean sostengu zabalena duen Nepalgo Alderdi Komunista Batua izan zen Gobernuan eta Legebiltzarrean. Gyanendra Shah murdabad (Behera erregea) oihukatu zioten herritarrek Gyanendrari, bere burua errege izendatu zuenean.Beraz, dagoeneko monarkia feudala uzkailtzeko desioa ez da soilik maoistena, gizarte osora zabaldu den aldarrikapena baizik. Bere boterearen eremua Katmandun dago zentralizatuta. Bertatik, orotara 70.000 soldaduz osatuta dagoen Armada eta herrialdeak dituen baliabide ekonomiko eskasak kontrolatzen ditu. Gainerako eskualde gehienetan, berriz, batzorde autonomoak ezarri dira Nepalen dauden 75 barrutietatik 40 maoisten esku daude.Babesa nazioartetik jasotzen du, ordea; izan ere, hainbat informazio iturriren arabera, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak armak igortzen dituzte, maoistei kontra egiteko. Herrialdearen ezegonkortasuna mesedegarri zaie bi herrialdeei baita Txina eta Indiari ere, euren interes estrategikoak mantendu ahal izateko.Hainbat adituren arabera, dena den, Gyanendra erregearen agintaldia azkenetan dago. Katmanduko Nazioarteko Ikerketa Institutuko zuzendari Mark Wallemen ustez, gaur egun dagoen hutsune politikoa aukera bat izan daiteke herrialdearentzat: «Baikor izateko moduan gaude orain; izan ere, erregearen ahultasunak eta oposizioaren indarrak krisi politikoari amaiera emateko aukera ematen dute». Ekainaren 10ean eta 12an beste greba batera deitu dute.
-
Kronologia
2001eko ekainaren 1a: Birendra erregea eta errege familiako zortzi kide hil ziren oraindik ere argitu gabe dagoen eraso baten ondoren.
2001eko ekainaren 4a: Birendra errege ohiaren anaia Gyanendra printzeak bere gain hartu zuen errege kargua.
2002ko urriaren 4a: Gyanendra erregeak 1999an demokratikoki hautaturiko Legebiltzarra eta Gobernua desegin zituen.
2004ko apirilaren 1a: Egun horretatik aurrera egunero manifestazioak egiten ari dira oposizioko bost alderdi nagusiak. Errepide nagusiak ere moztu dituzte.
2004ko apirilaren 6a eta 7a: Greba orokorra egin zen, maoistek deituta.
2004ko maiatzaren 7a: Erregeak izendatu zuen Surya Bahadur Thapa lehen ministroak dimisioa eman zuen.
2004ko maiatzaren 11 eta 12a: Greba orokorra egin zen, alderdi politikoek deituta.
2004ko maiatzaren 31: Gyanendra erregeak lehen ministroa izendatzeko ultimatuma eman zien alderdiei.