Haga: «Bosniako gerran Serbia ez zen genozidioaren erantzule izan»

Sarajevok Belgraderen aurka jarritako salaketaren epaia eman du Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak

2007ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bosnia-Herzegovinako Srebrenica hirian genozidioa izan zela ebatzi du Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Serbia, baina, ez zela genozidio horren erantzule izan ondorioztatu du. 1995.eko uztailaren 11n eta ondorengo egunetan, indar serbiarrek ia 8.000 musulmanen hil zituzten Srebrenican. Sarajevoko agintari musulman eta kroaziarrek salaketa jarri zuten sarraskiaren kontra. Belgradek ez duela zertan kalte ordainik eman behar ebatzi dute orain nazioarteko epaileek.

Rosalyn Higgins Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaile buruak jakinarazi zuen epaia: «Srebrenican 1995eko uztailean izandako gertakariez kanpo, beste genozidiorik ez zen gertatu Bosniako gerran». Hagan (Herbehereak) egoitza duen erakundearen epaile buruak bitan berretsi zuen ez zela bestelako genozidiorik egon: «Republica Sprako[Bosniako entitate serbiarreko] indar armatuek musulman herritarren aurkako beste krimenik egin izan zuten, baina genozidiorik ez».

SRJ Jugoslaviako Errepublika Federala zenaren erakunde ofizialek ez zuten, ebazpenaren arabera,sarraskian zuzenean esku-hartzerik izan. «SRJko agintari politikoek Srebrenican genozidio bat planifikatu, prestatu eta gauzatu zuten frogarik ez dago, ezta armadak sarraskietan parte hartu zuenik ere». Serbia Jugoslaviako Errepublika Federalaren oinordekotzat jo daitekeela baietsi zuten, halaber, epaileek, baina iaz arte entitate berean egon zen Montenegro, aldiz ez, honek ez zuelako SRJren jarraipena bere gain hartu.

Hagak, beraz, argi utzi du gaur egun Serbia soilik dela SRJen oinordeko: «Bosniako indar serbiarrak SRJko esku-makila zirenik ezin da ondorioztatu, ezta indar hauek armadako parte zirenik ere». SRJko indar armatuekin batera jardun zuten eskorpioi unitate paramilitarreko kideak, Belgraderen aginduetara zirenik ez dela frogatu iritzi dio epaian, halaber, Nazioarteko Justizia Auzitegiak.

Srebrenican izandako genozidioaren erantzule egiten ez baditu ere, Belgradeko agintarien aldetik«utzikeria» egon zela ondorioztatu dute epaileek: «Serbiak ez zuengaraian ezer egin genozidioa eragozteko eta orainokoan ez ditu bete genozidioaren ustezko arduradunak nazioarteko justiziaren esku ezartzeko betebeharrak».

Hitz hauekin epaileek nabarmendu nahi zuten Bosniako indar serbiarren agintari politiko eta militar Radovan Karadzic eta Ratko Mladic ihesean daudela oraindik, nahiz eta gerra kriminal gisa bilatuta dauden.



ONESPENA ETA GAITZESPENAK.Boris Tadic Serbiako presidenteak «garrantzitsutzat» jo du epaia: «Serbiak Bosnian ez zuela genozidiorik egin argi uzten du». Serbiak «musulmanen genozidioa eragozteko» ondorioztatzen duen epaiaren zatiari erreparatuta, berriz, hori «oso gogorra»izan zela esan du Tadicek.

Bosniako agintari musulman eta kroaziarrek, bestetik, gogor deitoratu dute epaia. Haris Silajdzic eta Zeljko Komsicek «etsituta» agertu dira nazioartearen epaiarekin eta Serbia erantzukizunik gabe uztea deitoratu dute.Mladic eta Karadzic lehen bai lehen estraditatzeko eskatu zioten bi agintariek Belgradi.



Axolagabekeriaren

triskantza
Srebrenica «eremu babestua»izan arren, NBEk ez zuen ezer egin Bosniako indar serbiarrak hirian sartzea eragozteko eta sarraskiak galarazteko.
a. sokarros

Bigarren Mundu Gerraren biharamunean eratu zenetik, huts egite ugari egin ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak. Srebrenicako sarraskiak eragozteko gai ezizatea izango da, zalantza izpirik gabe, handien-handienetatik bat.

Ratko Mladic jeneralaren Bosniako indar serbiarrei aurre egin ez eta Srebrenican lasai asko sartzen ere utzi zituzten hiri honetako biztanleak «babesteko» ardura ei zuten kasko urdinek. Mundu zabaleko telebista kateetako kamerei esker, irudi sinestezinak ikusi ziren 1995eko uztailaren 11ko egun hartan. Herbeheretako kasko urdinak buru makur hiritik alde egiten, Mladicen indar serbiarrak harro sartzen ziren une berean.

Nazioarteko komunitatearen jokaera hau are lotsagarriago izan zen, NBEren Segurtasun Kontseiluak, 1993ko maiatzaren 6an hartutako ebazpen batean,Srebrenica «eremu babestu» gisa sailkatuta zuela jakin eta gero. Babestu batere ez, eta are gehiago, koldarkeria honen ostean gertatuko zirenak geldiarazteko gauza ere ez zen izan NBE.

Mladicen indarrek Srebrenicako gizonezkoak -haurrak eta agureak barne- emakumeetatik bereiztu ondoren, hiriaren inguruetara eraman zituzten. Garai hartan 40.000 lagun bizi ziren Srebrenican.

Uztailaren 11koondorengo egunetan -hilaren 19a arte- Srebrenicako gizonezko hauek sistematikoki hil egin zituzten. Nazioarteko Gurutze Gorria izan zen gertaera itzel hauek salatzen lehena, milaka gizonezko musulman «desagertu»zirela jakinarazita. Mugarik Gabeko Medikuak eta gobernuz kanpoko beste erakundeek susmoak azaldu zituzten «desagertutako» guztiak multzoan hil ez otezituzten indar serbiarrek.



KONDENA BATZUK, BAINA BURUAK IHESEAN.1995ko Daytongo akordioek Bosniako gerrari amaiera eman ostean egin ziren ikerketen arabera, Srebrenicako 7.800 gizonezko musulman hil zituzten indar serbiarrek eta hilobi komunetan ehortzi. Triskantza ikaragarri honen zantzuak ezabatzen saiatu ziren ere eta oraindik ere aurkitzekoak edota identifikatzekoak dira sarraskiaren biktima gehienak.

Genozidiotzat jo dena eragozteko gai ez zelarik izan, nazioarteko komunitateak sarraski egileak epaitzeko eta zigortzeko gauza izan zitekeela sinetsarazi nahi izan du. Hagako Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Auzitegiak 17 eta 35 urteren arteko espetxe zigorrera kondenatu ditu jada indar serbiarretako hainbat buruzagi. Alabaina, triskantzak gertatu eta ia hamabi urtera, Bosniako indar serbiarren buruzagi goren Ratko Mladic jenerala nazioarteko justiziatik ihes eginda dago oraindik-orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.