Hagak Darfurko gerra kriminalak epaitzeko lehen pausoa eman du

Barne ministrorde izanari eta 'Janjauid' miliziaburuari gerra krimenak leporatu dizkie Fiskaltzak

arantxa elizegi egilegor
2007ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Armadarekin batera, Darfurko herritar zibilen aurka gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak egin zitzaketela jakinik, milizianoak errekrutatu zituen». Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal Luis Moreno-Ocamporen hitzak dira horiek. Sudango Barne ministrorde izandako eta egun Laguntza Humanitariorako ministro den Ahmed Harunengatik ari da. Darfurko gerra krimenekin lotutako lehen bi salaketak aurkeztu zituen atzo Hagako Fiskaltzak, Harunen kontra lehena, eta Janjauid milizien buruzagi Ali Muammad Ali Andel Rahmanen aurka bigarrena. Horri bortxaketak, sexu gehiegikeriak, torturak eta hilketak leporatzen dizkiote.

Orotara 51 kargu aurkeztu dituzte bi buruzagien kontra. Azken hogei hilabeteetan jasotako lekukotzen arabera, bi susmagarriak elkarlanean aritu ziren zibilen kontrako krimenak egiteko. 2003an, Darfurko gatazka hasi zenean, sortu zituzten Janjauid miliziak. Agintariek ukatu egiten dute haiekin zerikusia izatea, baina nazioartearen eta lekukoen arabera, zibilen aurkako erasoetan elkarlanean aritzen dira armada eta miliziak. Iturri ofizialek diote gerrillarien aurkakoak zirela armadaren erasoak, baina Hagako fiskalak bestelako iritzia du: «Horien xedea ez zen gerrillariei erasotzea. Horiei laguntzen zietela argudiatuz zibilei erasotzen zieten. Aitzakia horretan oinarrituz talde hilketak, exekuzioak eta bortxaketak egin zituzten».



KHARTUM HASERRE. Moreno-Ocampo fiskalak Harun eta Andel Rahman atxilotzeko eskatu duen arren, Hagak ez du Poliziarik, eta beraz, herrialde bakoitzaren esku geratzen da haren aginduak betetzea. Khartumek, ordea, ez du Nazioarteko Zigor Auzitegia onartu, eta iragarri du ez dituela bi susmagarriak atxilotuko. Sudango Justizia ministro Mohammed Ali al Mardiren esanetan, Auzitegiak ez du eskumenik ustezko bi kriminalak epaitzeko. Horiek hala, nabarmendu du Sudango agintariak beren kabuz ikertuko dutela Darfurren gertatzen ari dena.

Khartumgo iturrien arabera, Sudango Poliziak azaroan atxilotu zuen Andel Rahman, baina ez dute aurkeztu haren aurkako kargurik. Antza «haren arduradunen esku» dago miliziaburua, eta Poliziaren laguntzailetzat jotzen dute agintariek. Ehunka lagunen heriotza eragin zuten bost erasotan parte hartzea leporatzen diote. Horien artean ez daude Nazioarteko Zigor Auzitegiak aipatzen dituenak.

Giza eskubideen aldeko taldeek,Haga auzia aztertzen hasi izana goratu duen arren, kritikatu egin ditu ikerketa ez dutelako Sudanen bertan egin, atzerrian baizik. Fiskaltzak argudiatu du ezin izan direla Darfurren lanean aritu, segurtasun eza dela eta. Hala ere, Moreno-Ocampo itxaropentsu agertu da: «Auzitegiaren lanak Darfurren krimenak egiten dituztenen zigorgabetasuna amaituko duen itxaropena dut. Etorkizunean krimenak egin ez daitezen nahi dugu».

Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeko arduradun Geraldine Mattiolik nabarmendu du hasi berria den ikerketak erantzule guztiak zigortzeko balio behar duela.

Nazioartearen presioei erantzunez, Khartumgo gobernuak hitz eman zuen Janjauid miliziak desegingo zituela. Baina orain arte ez du ezer egin emandako hitza betetzeko.





############



Sudango

infernutik

ezin ihes egin

Darfurren errefuxiatu guneak bonbardatzen ditu armadak, gerrillariak hor ezkutatzen direla esanez; 200.000 hildako utzi ditu gatazkak lau urtean.
a. e.

Darfurko herritarrak inon ez daude seguru. Gerrillariak ez direnean, armada edo Gobernuak lagundutako Janjauid miliziak dira. Batzuk zortea izan dute eta Txadera ihes egitea lortu dute. Beste batzuk, ordea, errefuxiatu guneetan ezkutatu dira. Horietan, baina, ez dute urik, ez argindarrik. Elikagaiak, berriz, nazioarteko laguntza heltzen denean soilik lortzen dituzte; botikak bezala. Hori nahikoa ez, eta zerbaiten bila errefuxiatu gunetik ateratzen direnean miliziano eta gerrillarien esku geratzen dira. Lau urte luze daramatzate horrela. Denbora horretan gutxienez 200.000 pertsona hil, eta bi milioi inguruk beren etxeak utzi behar izan dituzte. Hala ere, Gobernuak dio datu horiek ez direla errealak, «puztu» egin dituztela.

Darfurren -fur tribuaren lurraldean-arabiarren eta afrikar beltzen arteko liskarrak ez dira berriak. Egungo gatazka, ordea, 2003ko otsailean lehertu zen, SLA Sudan Askatzeko Armadak eta JEM Berdintasunaren Mugimenduak Sudango Gobernuaren egoitzei eraso zietenean. Darfurko herritarrak baztertzea leporatzen zieten agintariei. Khartumek, berriz, «defentsarako miliziak» sortu zituen. Nazioarteak Janjauid miliziarentzako jendea errekrutatzea eta haiekin elkarlanean aritzea ere leporatzen dio, nahiz eta Gobernuak halakorik onartzen ez duen.

«Janjauid miliziak ezditu erabakiak hartzen. Aginduak Gobernutik datoz. Barne ministro Abdul Rahim Muhammad Hussein maiz etortzen da guregana», dio miliziano ohi batek. Haren esanetan, lehenik armadak bonbardatzen ditu herriak, eta milizianoak kea ikusten dutenean joaten dira. «'Hil, hil hil!' entzuten dugunean tiroka hasten gara. Ihes egiten dutenak gosez eta egarriz hiltzen dira». Miliziak errefuxiatu guneen inguruetan egoten dira. Horietan ez dago ia segurtasun neurririk. Gerrillariak nahi dutenean sartu eta irteten dira. Lau urte hauetan ehunka emakume bahitu eta bortxatu dituzte. Maiz hainbat egunez edukitzen dituzte preso askatu aurretik. Darfurren «garbiketa etnikoa» egitea ere leporatzen diote miliziari.



BAKE AKORDIOA, SOILIK PAPEREAN.Iazko maiatzean SLAko buru Minni Minauk bake akordioa sinatu zuen Gobernuarekin. Baina Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du bake akordioaren aurka daudenei erasotzen diela orain talde armatuak. Horretaz gain, SLAko disidente talde batek eta JEMek beren borrokarekin jarraitzen dute.

Gobernuak, bestalde, Janjauid miliziak desegiteko hitza eman zuen, nazioartearen kritikak isildu asmoz. Baina gaur egun oraindik ez du ezer egin.

Horiek hala, Afrikako Batasunak 7.000 soldadu bidali ditu. Baina horiek ezer gutxi egin dezakete indarkeria gelditzeko. ABk, berriz, iragarri du laguntzarik ezean, soldaduak erretiratu beharko dituela. Nazio Batuen Erakundea prest agertu da militar gehiago bidaltzeko, baina Khartumez dago halakorik onartzeko prest. Bitartean, Darfurko herritarrak infernutik atera ezinik daude oraindik.





############



«[Harunek] milizianoak errekrutatzen zituen, jakinik gizateriaren kontrako krimenak egin zitzaketela»

«Helburua ez zen gerrillariei erasotzea; horiei laguntzen zietela argudiatuz, zibilei erasotzen zieten»

Luis Moreno-ocampo
nazioarteko Zigor auzitegiko fiskala



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.