Hagak Kongoko presidenteorde ohia aske utziko du epaiketa arte

Afrika Erdiko Errepublikan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egitea leporatzen diote Jean-Pierre Bembari

2009ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteorde izandakoa (2003-2006) behin-behinean libre uztea erabaki du Nazioarteko Zigor Auzitegiak (Haga, Herbehereak). Epaiketa bitarte Jean-Pierre Bembak atxilo jarraitzeko aski arrazoirik ez dela ebatzi du. Ez du Kongora itzultzerik izango, dena dela; beraz, zein herrialdek hartuko duen erabaki arte ez dute Bemba askatuko. Luis Moreno-Ocampo fiskalak, aitzitik, Hagaren erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du; hilaren 24an emango ditu bere argudioak, epaimahaiak azter ditzan.

Iazko maiatzean atxilotu zuten presidenteorde izandakoa, Belgikan, Afrika Erdiko Errepublikan ustez egin zituen gerra eta gizateriaren aurkako krimenengatik. Haren aginduetara ziren errebeldeek -MLC Kongo Askatzeko Mugimendua gerrillaren buru zen orduan-egindako hilketen, bahiketen eta lapurreten erantzule dela dio akusazioak. Krimen horiengatik guztiengatik epaituko dute Hagan; hala ere, horretarako egunik oraindik ez dute zehaztu.

Libre uzteko arrazoiak

Errebeldeek Kongotik Afrika Erdiko Errepublikara joan eta Bembak haien gaineko agintea galdu zuela dio defentsak; alegia,2002ko urriaren eta 2003ko martxoaren artean MLCkoek ustez egindako krimenak ez zituela berak agindu, eta beraz errugabea dela. Halaber, atxilo hartu eta bere aurkako akusazioen berri izan zuenetik, errugabe dela ziurtatu du presidenteorde izandakoak. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku ez da gaur egun hain girenean izan denagintaririk.

2002an, Ange-Felix Patasse orduko presidentearen aurkako estatu-kolpe saioa izan zen Afrika Erdiko Errepublikan. Bemba buru zuten errebeldeek Patasseri babesa emateko zeharkatu zuten bi herrialdeen arteko muga.

Bembak senitartekoekin dituen «harreman sendoak» eta Justiziarekin agertutako jarrera hartu ditu aintzat Hagak erabakia hartzerakoan. Akusatua bost seme-alabaren aita da, eta ezkonduta dago. Gainera, hainbat berme hitzeman ditu, besteak beste, pasaportea agintarien esku uzteko prest agertu da, baita egunero hartuko duen herrialdeko Poliziarengana azaltzeko ere, edo zaintza neurriak onartzeko.

Hagak behin-behinean libre uztea erabakitzen badu, halaber, eguneroko gastuak bere gain hartuko duela agindu du Bembak. Eta auzitegiak ezarritako eremuan mugituko da soilik, hala eskatzen badiote behintzat, eta epaimahaiak eskatu ahala bidaiatuko du Hagara, behar adina aldiz galdeka dezaten.

Behin-behineko neurri horiek denak bideragarriak izan behar dute, ordea, akusatua hartuko duen herrialdean. Eta hain zuzen, horretarako egokiena dena aukeratu behar du nazioarteko auzitegiak; Alemaniak, Belgikak, Frantziak, Hegoafrikak, Italiak edo Portugalekegin ahal diote Bembari harrera. Herrialde horietako ordezkariekin irailean bilduko da epaimahaia.

Amnesty International erakundeak, bestalde, Herbehereei eskatu die Bembari harrera egiteko, hau da, beste herrialdeek euren ateak itxiko balizkiote Bembari Amsterdamgo gobernuak eman beharko lioke babesa uste du AIren ustez.

Ocampok aurkeztutako helegitea dela eta, baina, prozesu hori dena atzera daiteke; eta arrazoi emanez gero, posible da Bembak epaiketa arteko askatasuna ez lortzea. Hagako fiskalak, izan ere, akusatua libre uzteko baldintzak ez direla betetzen uste du, besteak beste, hala gertatuko balitz, lekukoen segurtasuna arriskuan jarriko litzatekeelako.



Kongoko armadak gerrilla hutuaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik okerrera egin du Kivuko egoerak; emakumeak dira biktima nagusiak.

Emakumeak, gerra hondakin

I. Z.

Emakumerik gabe hemen jarraitzerik ahalko dugula uste al duzu? Emakumeak behar ditugu!». Kongoko ekialdea hartuta daukaten soldaduei gehien entzundakoa dakar gogora Adele Sinakabok. «Bortxaketen %99 soldaduek egiten dituztela» esango luke emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile horrek. Izan ere, Kivun tiro hotsak entzun ahala handitzen da tragedia. Urte hasieratik gerran da Kongoko ekialdeko eskualde hori; orduan hasi zuen Kongoko armadak gerrilla hutuaren aurkako operazioa, Nazio Batuen Erakundea alde zuela. Erasoaldiarekin FDLR Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoa kanporatu nahi du herrialdetik; alabaina, eskualdea baketzeko aitzakiarekin, egoera nabarmen okertu du Joseph Kabilaren gobernuak.

«Eremu bat hartzen dutenean, gerra hondakintzat hartzen dute hango guztia, emakumeak barne», salatu du Honore Bisimwak, Olame Zentroko kideak. «Euren jabetzakoak balira hartzen dituzte». Bisimwak sexuerasoen inguruko ikastaroak ematen dizkie soldaduei. Ez du askorako balio. Kabilaren gobernuarentzat, izan ere, gerraren zehar kalteak dira emakumeek sufritzen dutena; jasangarria eta barkatzeko modukoa, horregatik. Urtea hasi zenetik 4.000 lagun bortxatu dituzte Kongoko ekialdean. Sinakaboren kalkuluen arabera, 3.960 lagun bortxatu izanaren erantzule dira soldaduak. Alabaina, urtarriletik dozena bat militar baino ez dituzte auzipetu.

Kontraesanak

«Gerra ez da amaitu herritarrentzat, ezta hurrik ere. Elkarrizketatu ditugun herritarretatik %80k baino gehiagok iazkoarekin alderatuz segurtasun gabeziak okerrera egin duela aitortu digu», azaldu du Marcel Stoesselek, Oxfam erakundeak Kongon duen ordezkariak. «Sufrimendu hau guztia saihestu liteke. Hau guztia FDLR herrialdetik ateratzeko ordain litekeen prezioa dela uste dute munduko agintariek, eta horregatik baino ez da gertatzen». Stoesselen arabera, baina, Mendebaldeak onartutako prezioa altuegia da.

NBEk berak ere azken hilabeteetan Ipar eta Hego Kivun gertatutakoaz ohartarazi du; ez diohorregatik, ordea, Kabilaren armadari orain arteko sostengua ukatu. «Hego Kivuko azken indarkeria uholdeak milaka herritarren exodoa eragin du. Ruzizi ibaiko lautadan 35.000 iheslari daude», azaldu du Ron Redmond-ek, UNHCR Nazio Batuen iheslarientzako goi mandatariaren eledunak. Kongoko gatazkek 1,8 milioi desplazatu eragin dituzte; iragan urtarriletik Hego Kivutik bakarrik 536.000 lagunek egin dute ihes.

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak ere salatu ditu Kongora egindako azken bidaian emakumeek sufritzen dituzten erasoak, gerra arma bihurtuak diren sexu erasoak. Hala ere, berak ordezkatzen duen gobernuak ere ez dio ukatu Kabilaren gobernuaribabesik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.