Hartutako erabakian, Hagako Auzitegiak dio Israel Zisjordanian eraikitzen ari den hesia legez kanpokoa dela, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela, suntsitu beharra dagoela eta palestinarrei eragindako kalteak ordaindu behar zaizkiela. Hagako Auzitegiaren presidente Shi Jiuyong txinatarrak irakurritako epaiaren arabera, palestinarren hainbat eskubide urratzen ditu hesiak: “Autodeterminazio eskubidea, lan eskubidea, sorospen eskubidea, osasun eskubidea, babes eskubidea, hezkuntza eskubidea eta askatasunez mugitzeko eskubidea”.
Hagako Auzitegiaren erabakiak soilik kontsulta izaera du eta ez du indar loteslerik; ondorioz, ez da agindu bat izango baizik eta gomendio bat. Hala ere, Hagako Auzitegiak uste du Nazio Batuen Erakundeak hausnartu behar duela “hesia eraikitzearen ondorioz sortutako legez kanpoko egoerari amaiera emateko ekintzak” zein izango diren.
Erabakia pozez hartu du Jasser Arafat Palestinako Aginte Nazionaleko lehendakariak. Arafatentzat Hagako Auzitegiaren erabakia “garaipena” da.
Israelek ez du erabakia beteko
Israelgo Jusitzia ministro Josef Lapidek esan du gaur Israelek ez duela Hagako Auzitegiaren erabakia beteko. Ministroak dioenez, Hagako Auzitegia Israelgo herriarengan inolakobegikotasunik ez duten Europako epailez osatuta dagoelako ez dutela erabakia onartuko. Azalpen horietan Israelgo epaitegiek agintzen dutena beteko dutela esan du Josef Lapid ministroak.
Israelgo bi diputatuk erabakia errespetatu behar dela esan dute. Muhamad Barakek, Jadash alderdiko diputatuak, esan du Israelek ezin duelaHagako Auzitegiaren erabakiari entzungor egin. Josi Sarid diputatu bakezaleak bere aldetik, "Gobernu lelo honek egin zitezkeen akats guztiak" egin dituela esan du.
Israel Zisjoardanian eraikitzen ari den hesia eztabaida asko pizten ari da. Izan ere, hesia palestinarrei kendutako lurraldeetan eraikitzen ari da Israel; kasu batzuetan palestinako herriak bitan banatuz edota isolatuz. Hesia bederatzi metroko altuera duen pareta bilakatzen da herriak zeharkatzean.
ekialde hurbila
Hagako Auzitegiak legez kanpokotzat jo du Israel eraikitzen ari den hesia
Hagako Auzitegiak eman berri duen epaian, Israel Zisjordanian eraikitzen ari den hesia legez kanpokotzat jo du. Erabakia pozez hartu du Jasser Arafat Palestinako Aginte Nazionaleko lehendakariak. Arafatentzat Hagako Auzitegiaren erabakia “garaipena” da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu