Kolonbia. Bake negoziazioak. Nicolas Rodriguez Bautista, 'Gabino'. ELNko komando zentraleko kidea

«Hagitz litekeena da aitzinerago gu denok mahai bakar batean jartzea»

ELNk akordioa egin du FARCekin, estrategia berari erantzuteko. Gerra amaituko da sortu zuten arazoak desagertzen badira, eta horretarako elkarrizketetan egoteko aukera ikusten du.

mikel rodriguez
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Nicolas Rodriguez Bautista (1950, San Vicente de Chucuri) ELN Askapen Nazionalerako Armadaren sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun erakundeko COCE komando zentraleko kide da. 1973an aukeratu zuten ELNren zuzendaritzarako, armadak Manuel eta Antonio Vazquez Castaño hil zituenean. 1983an ELNko arduradun militar eta erakundeko bigarren egin zuten. Buruzagitzara ailegatu zen 1998an Cura Perez hil zutenean.

Zein da ELNk eta FARCek egin duten adierazpen bateratuaren helburua? Gerrillarien talde bakar bat egiteko borondatea duzuela erran nahi du?

Lehenik eta behin, besarkada bat bihotz-bihotzetik euskal herritarrei, eta gure zorion zintzoenak borrokan izan dituzuen arrakastengatik.

ELNren eta FARCen arteko adierazpen bateratuak bi indarrak batzeko borondatea egiaztatzen du, herrialdean aldaketak egiteko eta Kolonbian bakea lortzeko. Xedea gaur gaurkoz ez da erakunde bakar bat bilakatzea, baizik eta plan bakar baten parte izanen diren ekintza politiko eta militarrak koordinatzea, bake prozesuak aitzinera egiten badu. Guk ez dugu bertzerik nahi.

FARC-EPk gobernuarekin elkarrizketarako bidea zabaldu du, ez ordea ELNk. Nola eragiten die horrek bi taldeen ekintza bateratuei?

Indar bakoitza subiranoa da bere ekintzak garatu ahal izateko, eta gobernuarekin elkarrizketetan gure lagunek guk baino urrats gehiago egin izanak, ez gaitu elkarrengandik urruntzen. Saiakera konplexu horretan arrakasta desio diegula badakite.

ELNk orain gutxi azaldu du FARCek gobernuarekin gaur hasiko dituen elkarrizketetara batzeko borondatea duela. Badago oztoporik mahai horretan ez egoteko?

FARCekoek diseinatutako estrategia gobernuarekin Kolonbian bake prozesu batean aitzinera egitea izan zen, eta guk erabaki hori errespetatzen dugu. Aukera daukagu gobernuarekin hitz egiten hasteko, eta hala balitz, hagitz litekeena da aitzinerago gu denok mahai bakar batean jartzea.

Gobernuak negoziazioak garaipen bat balira bezala aurkeztu ditu, baina hala ere, gerrillen posizioen kontrako erasoak egiten jarraitzen du, eta elkarrizketak iraun bitartean horretan segituko dutela errana du Santos presidenteak. Iritzia aldatuko al du?

Gatazka sozial eta armatuak kolonbiarrei eragindako tragediak, hildako, ezindu, desagertu, desplazatu eta erbesteratu andana utzi ditu, eta gizartea hautsi; horra hor gerrarekin amaitzeko bakea eraikitzeko dagoen premia, behin eta berriz erran dugu hori duela hogei urtetatik. Orain bake prozesu baterako aukera zabaldu denean, FARCekoek bezala, guk ere uste dugu bake prozesua bideratzeko bi aldeen su-etena proposatu behar dela, prozesuari sinesgarritasuna emateko eta konfiantza sortzeko. Ikuspuntu hori herri erakundeek eta gizartearen zati handi batek partekatzen dute; oligarkiak, ordea, gerra luzatzeari eusten dio, borroka eremuan irabazteko; ez dago prest aldaketak eskatzen dituen bakearen aldeko apustua egiteko.

Badirudi sindikalisten, nekazari buruzagien eta borroka sozialeko gainerako eragileen kontra indarkeria paramilitarra handitu dela, Alvaro Uribe presidente ohiak bideratutako plana martxan jarri zuen arren. Nola geldiarazi herritarrei zuzenean eragiten dien indarkeria?

Kolonbiako oligarkiak itxi egin ditu oposizioak borroka politikoan aitzinera egiteko aukerak, estatu terrorismoaren eta narkoparamilitarren gerra zikinaren bidez. Jarrera hori historikoa da, eta horrek Kolonbiako gazteen hainbat sektore behartu ditu armak hartzera. Zibilek haien interesen kontra borroka areagotzen dutenean sortzen dira sarraskiak. Oligarkiak erantzukizuna bere ez egiteko sortu zituen narkoparamilitarren taldeak; buruzagiak terroristatzat jo eta haiek hiltzen dituzte mugimendu sozialak deuseztatzeko. Aitzineko gobernuan hilketek, sarraskiek, eta lekualdatzeek maila eskandalagarria iritsi zuten. Fenomeno hori eutsiezina gertatu zenean, narkoparamilitarrekin akordio bat egin zuen desmobilizatzen zirela itxura egin zezaten. Ondoren, narkoparamilitarren eta gobernuko kideen arteko ekintza ilunen ondorioz, Uribe presidenteak buruzagi batzuk espetxean sartu edota estraditatu egin zituen, oligarkiarekin eta gobernuarekin zuten harremana ez azaleratzeko. Beraz, ez da egia paramilitarismoa desegin eta desagertu dela. BACRIM Talde Kriminalen izenpean ezkutatzen dira gaur egun. Talde horiek beldurtzen jarraitzen dute, politikari eta sindikalistak hilez eta mehatxatuz. Horrenbertze dira inpunitate osoa duten gertaera kriminalak, ez dagoela dudarik gaur ere Kolonbian paramilitarismoak estatu politikari erantzuten diola.

Zein dira bakerako oztopoak?

Kolonbian bakea herritarrek definituko dute, beren borroka bideekin eta gerrari amaiera emateko eskaerarekin —gero eta eskaera ozenagoa egiten ari dira—, haiek jasaten baitute gehien gerraren eragina. Auzia desagertu eta gerra amaituko da, hura sortu eta elikatu zuten arazo sozial, ekonomiko eta politiko larriak konpontzen badira. Herritarrek borroka politikoa garatzeko benetako bideak eta bermeak ezarriko balira ez legoke borroka armatuaren beharrik. Kolonbian denok egiten dugun galdera hauxe da: oligarkiak izanen al du borondaterik 50 urteren ondoren Kolonbiak behar dituen aldaketak errazteko eta oposizio politikoari bermeak eskaintzeko? Bakea ziurtatuta dago hori gertatzen bada.

Luzaroan AEBak erabakigarriak izan dira Kolonbiako gatazkan. Parte hartu beharko lukete prozesuan?

Nazioartearen zaintzaile eta gerra egile izaera inperioaren nortasunaren parte da, horregatik AEBak oztopoa dira Kolonbian bakea lortzeko, eta are gehiago, haien jarrera izan da bake prozesua bideratzeko zailtasunetako bat. Beren interesen alde egiten dute, eta oztopatzen dituztenen kontra borrokatzen dute.

Eta eskualdeko herrialdeak? Ekarpenik egin al dezakete?

Dudarik gabe. ELNren eta aitzineko gobernuen arteko negoziazioetan herri lagunen talde bat sortu zen. Kuba, Norvegia, Frantzia, Espainia, Suitza eta Suedia egon ziren. Orain FARCekin hasi dituzten elkarrizketa prozesu honetan, ezagun da Venezuela, Kuba, Txile eta Norvegia parte hartzen ari direla. Dudarik gabe ELNk uste du Kolonbiakoa bezalako bake prozesu konplexu eta benetakoan garrantzitsua dela errespetuz eta inpartzialtasunez jokatuko duten gobernuek parte hartzea. Ezinbertzekoa da nazioarteko ekarpena.

ELNren eta FARCen adierazpenean herritarren ekintzaren beharra nabarmendu duzue. Estatuaren kontrako borroka militarraren amaiera gertu ikusten al duzue?

ELNk beti eman izan dio garrantzia herritarren parte hartzeari, prozesu iraultzailean aitzinera egin ahal izateko. Mugimendu gerrillaria herritarren babesari esker sortu eta bizi da. Eta orain bakea herritarren eskakizun bat izanik, obra erraldoi hau denen artean eraiki behar dugu, ez soilik gerrillen eta gobernuaren artean. Beraz, dei egiten diegu erakunde politiko eta sozialei, demokratei eta aberrikideei, eta noski nazioarteko komunitateari, bakearen eraikuntza bere egin eta aktiboki parte har dezaten, gerrari amaiera eman diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.