Hainbat hautagairen parte hartzeko mugek baldintzatu dute kanpaina hasiera

Junts per Catalunyako eta ERCko hainbat hautagaik kanapaina espetxetik edo Belgikatik jarraitu beharrak islatu du gauerdian hasi den kanpainaren ezohikoa. Puigdemontek herritarrei eskatu die urriaren 1eko gertakariak gogoan dituztela joateko bozkatzera. Rovirak, berriz, ohartarazi du ERC dela PPri eta Ciudadanosi irabazi diezaiekeen alderdi bakarra.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua, atzo, kanpaina hasierako ekitaldean zuzeneko konexioan. SUSANNA SAEZ, EFE
2017ko abenduaren 5a
12:19
Entzun

Indar independentisten kanpaina hasierako ekitaldi guztietan izan dira espetxean diren hautagaientzako elkartasun mezuak. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetu eta ERCko zerrendaburua, Joaquim Forn Barne kontseilari kargugabetu eta Junts per Catalunyako hautagaia eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta Junts per Catalunyaren zerrendako bigarrena izan dituzte gogoan. Baita haiekin batera espetxean den Jordi Cuixart Omniumeko presidentea ere. Atzo, laurentzako bermerik gabeko espetxeratzea berretsi zuen Auzitegi Gorenak. Aldiz, aske gelditu ziren Generalitateko sei kontseilari, 100.000 euroko bermea ordainduta. Haietako batek, Carles Mundo Justizia kontseilari kargugabetuak, ERCren ekitaldian parte hartu zuen.

Kapainan normaltasunez parte hartu ezinik da Carles Puigdemont Kataluniako presdiente kargugabetu eta Junts per Catalunyako zerrenda burua ere —Belgikan baita bere espetxeratzea sahiesteko—, baina kanpaina hasierako protagonistetako bat izan zen, Bruselatik, zuzeneko konexio bidez. Puigdemontek "memoria" galdegin du, eta urriaren 1eko erreferendumean izan ziren gertakariak gogoan hartuta bozkatzeko eskatu die herritarrei. Haren esanetan, independentismoak hauteskundeetan indar erakustaldia egitea lortzen badu, demokrazia geldiezina izango da eta independentzia eta errepublika gertuago egongo dira. Estatuaren beldurrik handiena JxCat-ek irabaztea dela ziurtatu du. Bere hautagaitzak irabaziz gero, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa izango dela adierazi du.

Marta Rovira ERCko zerrendako bigarrenak bere hautagaitza aurkeztu du Ciudadanos eta PPri gailentzeko aukera bakar gisa —CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen elkarteak kaleratutako azken inkestak ERC jotzen du hauteskudeetako garaile eserlekutan, baina boto gehien Ciudadanosek lortuko dituela iragarri du—. Rovirak ohartarazi du independentismoak garaitzen ez badu "155aren blokea" indartuko dela. "Guztia eramango dute aurretik". Adierazi duenez, 155aren aldeko indarrek garaipena nahi dute "egin duten guztiari zilegitasuna emateko". Roviraren  esanetan, hauteskundeek prozesu subiranista indartzen ez badute, Madrilek 155a aplikatzen jarraituko du.

Carles Riera CUPeko zerrendaburuak ziurtatu du CUPek emaitza onak lortzen baditu "estatu kolpea indargabetu eta demokraziara itzultzea" posible izango dela. CUPek urriaren 1ean galdeketaren defentsan kalera atera ziren herritarrak omendu ditu kanpaina hasierako ekitaldian. Rierak "aldebakarreko bidea" defendatu du prozesua garatzeko, hori baita, haren iritziz, errepublika gauzatzeko "modu bakarra". Ohartarazi duenez, soilik estrategia horren alde egiten duen gobernu bat babestuko du CUPek.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko hautagaiak nabarmendu du bere alderdia prest dagoela "kataluniar guztientzako" gobernatzeko. Ziurtatu duenez, abenduaren 21eko emaitzek prozesu subiranistaren amaiera ekarriko dute, eta aldaketa hori Ciudadanosek gidatu behar du.

Kataluniako egoera politikoaren norabidea aldatzeko prest aurkeztu da Miquel Iceta PSCko zerrendaburua ere. Independentismoaren "hondamendia" atzean utzi eta "konplizitateak josi" nahi dituela azaldu du, "elkarbizitza" sustatzeko. PSC da "egonkortasuna eskaintzeko moduko gehiengoa lor dezakeen bakarra", haren hitzetan.

"Ziklo berria" iragarri du Ada Colau Bartzelonako alkate eta Catalunya en Comuko zerrendako hautagaiak. "Prozesua bukatu da, agortuta dago", adierazi du. Haren esanetan, "blokeen politika" gainditzeko garaia da, eta Catalunya en Comu horretarako gakoa izango dela ziurtatu du Xavier Domenech zerrendaburuak. "Gobernuko eta parlamentuko giltza gure eskuetan dago. Giltza guztiona da, baina izen bat du: Catalunya en Comu".

"Abenduaren 21ean, a por ellos [haien bila]". Esaldi hori aukeratu du Xavier Garcia Albiol PPko zerrendaburuak hurbilekoak animatzeko. CISen inkestak beherazko joera izango dutela esan arren, "inkesta gaarrantzitsua" hauteskunde egunekoa dela nabarmendu du. PPren hautagaiak adierazi du bere alderdiak ordezkatzen duela "kataluniarren gehiengoaren esentzia".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.