Mundua

Hainbat hegazkin lehertarazteko asmoa zutela leporatuta, 21 lagun atxilotu dituzte Erresuma Batuan

Eraso bortitzak egiteko asmoa zuten 21 lagun atxilotu dituztela iragarri du gaur goizean Erresuma Batuko Poliziak: Erresuma Batutik AEBetarako bidaia egiten duten hainbat hegazkin airean zihoazela lehertarazteko asmoa izatea egotzi diete. Operazio horren harira segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte indarrean Erresuma Batuko aireportuetan, eta, ondorioz, atzerapenak gertatzen ari dira. Londresko Heathrowko aireportuan hainbat hegaldibertan behera geratu dira eta atzerapen izugarriak daude. Loiutik (Bizkaia) hara zihoan hegaldia bertan behera utzi dute. Baita Forondatik (Araba) Londresko Stansted aireportura zihoan Ryanair konpainiaren hegaldia ere.

2006ko abuztuaren 10a
19:56
Entzun
Poliziaren arabera, atxilotuek "Erresuma Batuaren eta nazioarteko aliatuen" aurkako eraso gogorra prestatu dute elkarrekin: hainbat hegazkin airean zartarazteko asmoa zuten, eskuko bagajeetan ezkutatuta eramango lituzketen bonbak lehertarazita. Erresuma Batuko haibat aireportutatik irten eta AEBetarako bidaia egin zuten hegazkin horiek, eta John Reid Barne ministroak adierazi duenez, "heriotza kopuru handia" eragitea zuten helburu. Zenbait iturriren arabera, atxilotuetako bakoitzak hegazkin bat zartarazteko asmoa izango luke, hamar hegazkin hainbat iturriren arabera. Londresen, Londres inguruko eskualdean eta Birminghamen (Ingalaterra erdialdea) egin dituzte atxiloketak, eta atzeman dituzten pertsona gehienak Erresuma Batuan jaio baina Asiako jatorria duten gazteak direla azpimarratu du Poliziak.

AEBetako iturrien arabera, eztandarazi behar zituzten hegazkinak United Airlines, Continental Airlines eta American Airlines konpainia estatubatuarretakoak ziren. Horixe adierazi dute terrorismoaren aurkako bi arduradun estatubatuarrek. AEBetako Gobernuak alerta handieneko egoera ezarri du Erresuma Batutik ailegatzen diren hegazkinentzako eta gainerakoetan ere areagotu egin du alerta egoera.

Hegaldiak bertan behera

Atxiloketez gain, segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu Erresuma Batuko Gobernuak, batik bat, aireportuetan: bidaiariei galarazi egin diete hegazkinetara eskuko zorro eta bagajeak sartzea, eta, gainera, maleta eta boltsa guztiak arreta bereziz aztertzen ari dira. Ondorioz, atzerapenak gertatzen ari dira Erresuma Batuko aireportu askotan. Londresko Heathrowko aireportu ezaguna itxi egin dute 14:00ak arte. Ondorioz, Loiutik (Bizkaia) haruntz irten behar zuen hegaldia bertan behera geratu da. Ildo beretik, Bruselako aireportuak bertan behera utzi ditu Londresera zihoazen hegaldiak, eta neurri bera hartu dute Alemaniako Lufthansa hegazkin konpainiak, Espainiako Iberiak (Heathrowra zihoazen hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu) eta Frantziako Air Francek.

Segurtasun neurriekin jarraituz, gehieneko alerta egoera ezarri du Erresuma Batuko Gobernuak: hots, egoera "kritikoa" dela erabaki du MI5 Barne Inteligentzia Zerbitzuak jakinarazi duenez.

Poliziaren arabera, hilabetetako lanaren emaitza da operazioa, eta beste zenbait iturrik zehaztu dute gaur eraman dutela aurrera atxilotuek gaur luketelako atentatuak egiteko asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.