Hondakinetatik bizirik ateratako810.000 etxerik gabeko pilatuta bizi dira urtebetera, 1.199 kanpalekutan banaturik, Port-au-Princen eta Haitiko hegoaldean. Gizon armatuak taldean mugitzen dira bertan, gauez, eta emakumeak bortxatzen dituzte haurren aurrean; umeak amen aurrean. Miseria artean bizirik iraun duten emakumeek, haur, gazte eta helduek, kaputxadunari madarikazioz oihukatzen diote, isiltasunean. Egunero.
Emakumeen oihu itoa aspaldikoa da Haitin; miserialurraren astindua baino lehenagokoa baita, baina kanpalekuen inprobisazioa betiko itxura hartuz joan ahala, sarraskiari sarraski gehiago gehitzen zaionetik, arriskua areagotuzdoa. AI Amnesty International erakundeak jaso ditu lekukoen adierazpenak; baina isilik daudenenak kezkatuta, alarma jo du, eta ohartarazi herrialdeko egoera krudelean haurrak eta emakumeak direla galtzaileago.
Lurrikara izan ondorengo 150 egunetan 250 emakumek salatu zuten bortxatu zituztela hainbat kanpalekutan. AIk zenbatutakoak dira horiek, eta urtebetera ia egunero iristen dira bizirik, nola ez dakitela, emakumeak babesteko hiriburuan dagoen egoitzara. Euren lekukoez gainera, ia denek dute ezagunen bat egoera bera jasan duena, edo ikusi dituzte inpotentziaz bortxatzaileen esku, baina ez dute aukerarik haien kontra ekinbiderik hasteko. Poliziara jo izan duten bakoitzean ere erantzun «desegokia» jaso dute. «Lurrikararen ondorioz galdu dituzten senideen heriotza onartzen nahikoa lan dute emakumeok, eta, gainera, eraso sexualaren mehatxupean bizi dira egunero», dio AIk. Lurrikarak hildako 230.000 senideen zama astuna ez du arintzen egunerokoak.
Botere hutsunea
Datorren gobernuari genero indarkeria borrokatzeko neurriak lehentasun izatea eskatuko dio AIk, baina une honetan botere hutsuneak ez dirudi irtenbide erraza duenik, eta, beraz, epe laburrera ez dago modurik gobernu eraginkorra osatzeko, joan den azaroaren 28ko hauteskundeen benetako emaitzak errespetatzen ez badira, hasteko.
Rene Preval presidentearen gobernuak nahiago izan du lurrikararen sarraskiak eragindakoak bozen porrotarekin ez nahastu, eta erabaki zuen ez plazaratzea AEE Amerikako Estatuen Erakundeak egindako txostena urteurrena igaro arte, komunikabideen burrunba lasaitu arte, baina filtratu egin dute. AEEren gomendioa da Jude Celestin Prevalen suhiak bigarren itzulitik kanpo geratzea, emaitzak puztu zituelako. Mirlande Manigat eta Michel Martelly kantaria dira, AEEk esaten duenez, presidentetzarako lehian aritu beharko luketenak. Hala ere, beldur dira hildakoak egotea, haitiarren artean liskarrak eragingo dituela albisteak berandu baino lehen, gaur bertan haserre daude eta. Irainduta sentitzen dira, emaitzak eman zituenean erakutsi zuten bezala, zutik diren eraikin ofizial urrien kontra eginez. Otsailera arte atzeratuko dituztela esaten ari dira, urtarrilaren 16ra beharrean, eta Prevalen agintea maiatzera arte luzatuko dela.
Gobernuaren osaketak sekulako garrantzia du gizarte suntsituari esperantza apur bat eskaintzeko orduan, eta herritarrek badakite hori; nazioarteko laguntza bideratzeko bihurguneak sor daitezkeelako; bidean galdu,bitartekari ustelduen esku. Proiektuak koordinatzeko ere ezinbestekoa da zintzotasun apur bat, eta Prevalen orain arteko kudeaketa eztabaidatu dute bai etxean eta baita kanpoan ere.
Urtebetean nazioartetik jasotako milioika dolarren laguntzak herritarren larrialdi premiazkoenak finantzatzeko balio izan du, baina gaur bizirik irauteko baldintzak ezin gogorragoak dira oraindik, eta berreraikuntzarako nazioarteak agindutakoa betetzen ez bada, «beste lurrikara baten arriskua dago Haitin: astindu ekonomiko, sozial eta politikoarena». Medicus Mundik nazioarteari gogorarazten dio ez direla esandakoa betetzen ari.
Medicus Mundiren ustez, NBE Nazio Batuen Erakundeak «erantzukizun handia» dauka, baina nazioartearen eta Haitiko Gobernuaren arteko koordinazioan huts egin du. Urteurrenaren inguruan, ordea, datuz bete nahi izan ditu komunikabideak. 3.000 milioi dolarren laguntzak eman dituela, eta baikorra izateko arrazoiak badaudela. Haiti lurrikara aurretik zena «baino hobeto» utzi nahi dutela esateraino ausartu da.
NBEk 810.000 lagun zenbatu ditu kanpalekuetan —200.000 inguru gehiago egongo direla kalkulatzen du—, eta hilean ehun bat mila bat herritarrek lortu dute etxea iazko urtarriletik, baina jadanik hiriguneetan ez dago lur gehiago desplazatuen etxebizitzak eraikitzeko. Jabegoari buruz ere arazo gehiegi daude, eta hirietatik kanpo eraiki daitezkeen arren, oinarrizko zerbitzuak falta dira han: ur zikinen tratamendua, eskolak eta ospitaleak. Hamar urte beharko dira gutxienez horretarako nazioarteko erakundearen ustez,kasurik onenean, eraiki behar dela ahazten ez bazaie bederen.
Lehen mailako beharrak betetzeko arazoak gaindituta ez badaude ere bideratu dituztela ziurtatu du, baina herritarren osasun egoera da orain kezka sortzen duena, epidemien arazoa edateko uraren banaketak zailtzen duelako. Gizarte atsekabetuari aurreikus zitekeen koleraren epidemia etorri zaio gainera, eta urteak beharko dira gaixotasuna gainditzeko. 3.600 pertsona hil dira dagoeneko urritik, atzeman zutenetik, eta ia 200.000 daude gaixo, instituzioek ematen dituzten datuen arabera betiere; nekazaritza guneetan oso zabaldua baitago, baina horietako asko ez daude zenbatuta. Hori gutxi balitz bezala, nekazariak arroza ereiteari uko egiten hasi dira, ur pozoinduak kutsatuko dituen beldur, eta kolera epidemiak behar dituen higiene baldintzarik ez da betetzengehien behar den lekuetan.
Gatazken eta Giza Ekintzaren Ikerketarako Institutua NBE baino kritikoagoa da gertatzen ari denaren inguruan: harentzat, lurrikararen ondoren «herri hondoratua» da Haiti; «ez dira berreraikitzen ari», saihets zitekeen kolera dauka, eta «etorkizuna mehatxatzen duten bozak».Eta denboraren ahanzturaren mehatxua.
Haiti. Lurrikararen urteurrena
Haiti hondoratuan bizirik irauten
Kanpaleku inprobisatuetan jarraitzen dute 810.000 lagunek lurrikara izan zenetik urtebetera, herrialdea berreraikitzeko laguntzaren zain, sexu indarkeriak, kolerak, ustelkeriak eta pobreziak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu