Jovenel Moiseren hilketatik Claude Josephek izan du agintea Haitin, eta baieztatu du behin-behineko lehen ministro kargua utziko duela, postua Ariel Henryk har dezan. Erabaki horrekin, eta «nazioaren hobe beharrerako» dela argudiatuta, Josephek amaitu egin du egunotan Henryrekin izan duen borroka politikoa; agintariak jakinarazi duenez, erabakia negoziatua izan da, bi politikariak hainbatetan elkartu baitira iragan astean.
Josephek The Washington Post egunkariari emandako elkarrizketa batean jakinarazi du Henryrekin adosturikoa, eta zehaztu du ez duela «interesik borroka» horretan sartuta egoteko: «Presidentea nire laguna zen. Justizia nahi dut».
Hilaren 7an, talde armatu batek Moise hil, eta haren emazte Martine Moise zauritu zuen, haiek bizi ziren etxera sartu eta tiro eginda. Harrez geroztik, Haitiko Poliziak ustez operazio horretan parte hartu zuten hainbat lagun atxilotu ditu, baita ustezko egile intelektuala ere; halere, oraindik erantzunik gabeko galdera asko daude gertaturikoaren inguruan.
Arlo politikoan, Haitiko presidente zenak haren hilketa baino bi egun lehenago aukeratu zuen Henry lehen ministro kargurako, baina heriotzaren harira sorturiko desegonkortasunean Josephek agintean jarraitzea aldarrikatu zuen, nazioarteko erakundeak eta gobernuak Henryren alde agertu ziren arren.
Orain, gobernuburu berriak bihar egingo du karguaren zina, eta badirudi Josephek gobernuan jarraituko duela, Atzerri ministro gisa, Haitiko hedabideek zabaldu zutenez.
Bien bitartean, senatarien heren batekin izan bazen ere, Haitiko Senatuak Joseph Lambert Senatuko presidentea izendatu du zuen estatuburu, eta horrek gehiago aldrebestu zuen egoera.