Haitiko hauteskundeak ikuskatzeko misioa zuten OEA Ameriketako Estatuen Erakundeak eta Caricom Karibeko Herrien Elkarteak ontzat jo dituzte igandeko bozak, irregulartasunak egon direla onartu arren. «Hauteskundeetan ikusi ditugun irregulartasun batzuk larriak izan badira ere, ez dugu uste horiek prozesua oztopatuko dutenik».
Hala ere, ikuskatzaileek igandeko bozetan ikusitako irregulartasunen berri eman dute. Aitortu dute, besteak beste, boto-emaileen manipulazioa egon dela eta indarkeria eta larderia ekintzak ere egon direla.
Bestalde, Colin Granderson ikuskatzaileen buruak aitortu duenez, herritar askok ezin izan zuten botorik eman, eta beste askok zailtasun ugari izan zituzten hauteskunde-zerrendetan euren izena aurkitzeko. Hala ere, haren iritziz, «herritar bakoitzaren ardura da botoa non eman behar duen jakitea, nahiz eta kasu honetan beharrezkoa zen ahalegin gehigarri bat egitea hori jakiteko».
Grandersonen arabera, hemeretzi hautagaitik hamabik iruzurra salatu izana erabaki «presazkoa eta deitoragarria» izan da. Iruzurraren frogarik badute, Behin-behineko Hauteskunde Batzordera jotzeko eskatu die.
Diskurtso aldaketa
Iruzurra salatu eta bozak baliogabetzeko eskatu zuten hamabi hautagaien taldetik kanpo utzi dute euren burua Mirlande Manigate eta Michel Martelly oposizioko bi hautagaiek. Inkesten arabera, oposizioko hautagai faboritoak dira biak.
Boto gehien jaso dutenen artean baldin badaude, bigarren bueltan parte hartzeko prest daudela aurreratu dute, baldin eta Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak botoak berriz zenbatzen baditu. Batzordeak jakinarazi duenez, hilaren 7an argitaratuko ditu bozen emaitza ofizialak.
Haitiko bozak ontzat jo dituzte ikuskatzaileek «gorabeherak egon arren»
Oposizioko hautagai faboritoek bozak errepikatzeari uko egin eta bigarren itzulira joateko deia egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu