Haitiko hauteskundeek harrotutako hautsaren inguruan «kezka sakona» duela adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Ohar baten bidez, NBEren Haitiko misioak, Minustahk, populazioari eta eragile politikoei «lasai egoteko» eskatu die, eta ohartarazi segurtasuna kolokan jartzeak «berehalako ondorio dramatikoak» izanen dituela kolera epidemiaren biktimen kopuruan. Hauteskunde egunean bertan, bozketa «normal» zihoala adierazi zuen Minustahk.
Herenegungo hauteskunde egunean Jude Celestin hautagai ofizialistaren aldeko iruzurra egon zela salatu dute hemeretzi hautagaietatik hamabik. Horregatik, bozketak errepikatzeko eskatu dute; hautagai horietako batzuek ere Rene Preval presidentearen dimisioa eskatu dute. Hauteskunde egunaren amaieran, Port-au-Prince hiriburuan eta gainerako hiri handienetan milaka herritar atera ziren kalera protesta egitera.
Behin-behineko Hauteskunde Batzordeak, ordea, bozak ez dituela baliogabetuko adierazi du. Erakunde horren arabera, 1.500 bozkalekuetatik 56tan izan dira irregulartasunak, eta horrek hauteskundeen balioa bermatu duela dio. Presidenteaz gain, Diputatuen Ganberarako eta Senaturako hautagaiak aukeratu behar zituzten Haitin, eta emaitzak ez dira jakinaraziko heldu den abenduaren 7ra arte. Hautagai nagusien artean tarte anitzik ez balego, bigarren itzulia urtarrilaren 16an eginen litzateke.
Hauteskundeak irabazteko faboritoak, Mirlande Manigat oposizioko buruak, salatu du iruzurra «masiboa» izan dela. Manigaten arabera, bozketa hasi baino lehen hainbat bozkalekutako hautestontziak «beteta» zeuden. Jakinarazi duenez, Inite alderdiko kideek bozketa egunaren aitzineko arratsa hainbat bozkalekutan pasatu zuten -Inite alderdia da Celestine eta Prevalena-. «24 ordutan» erabakirik ez balego, berriz, herria «altxatu» litekeela ohartarazi zuen atzo Wyclef Jean hautagaiak.
Bi hildako istiluetan
Inite alderdiaren aldekoen eta oposizioko jarraitzaileen artean istilu ugari izan dira hauteskundeen ondotik, eta gutxienez bi lagun hil dira. Aquinen, hegoaldean, 18 urteko gazte bat tiroz hil zuten hauteskunde egunean. Hango hedabideen arabera, Initeko jarraitzailea zen, eta Poliziak sei lagun atxilotu ditu hilketarekin zerikusia dutelakoan.
Haitiko bozetan iruzurra izan dela eta, «kezka sakona» agertu du NBEk
Hemeretzi hautagaietatik hamabik iruzurra salatu, eta bozak errepikatzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu