Azken hilabeteetan areagotutako egoera ezegonkorrak gainezka egin du Haitin, eta dimisioa ematera behartu du jarduneko gobernua. Jovenel Moise presidenteak eman du berria bere Twitter kontuan, zeinak dekretu bidez gobernatzen baitu iazko urtarrilean parlamentua desegin zuenetik. Adierazi du erabakiak aukera emango duela «segurtasunik ezaren arazo nabarmena konpontzea ahalbidetu, eta egonkortasun politikorako eta instituzionalerako beharrezkoa den kontsentsua lortzeko eztabaidei jarraipena emateko».
Aurrez, herrialdeko lehen ministro Joseph Joutek jakinarazi du kargua utziko duela, hark ere sare sozialen bidez. Esan du bere herrialdearen zerbitzura egotea «ohore bat» izan dela, eta eskerrak eman dizkie berekin gobernuan izan direnei eta babesa eman dietenei. Haren ordez, orain arteko Atzerri ministro Claude Joseph izendatu du Moisek.
Oposizioaren eskari nagusia dimisioa Moisek berak ematea da, ordea, eta oraingoz ez du halakorik egin. Ezegonkortasun politikoa ohikoa da Haitin, baina gaur egungo krisia 2015ean hasi zen. Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia egin zuten urte horretako urrian, eta Moisek irabazi zituen, naiz eta ez zuen izan bigarren itzulia ez egiteko behar adinako babesik. Oposizioak iruzurra salatu zuen, ordea, eta emaitzak bertan behera geratu ziren. Hortaz, 2016rako berriz deitu zituzten bozak. Moisek irabazi zuen berriz, eta hauteskunde batzordeak garaipena aitortu zion.
Hauteskunde horien aurretik Michell Martelly zen herrialdeko presidente, eta oposizioak dio hark kargua utzi zuen egun berean hasi zela Moiseren agintaldia, 2016ko otsailaren 7an, eta, horrenbestez, joan den otsailaren 7an utzi behar zuela kargua —konstituzioaren arabera, presidentearen agintaldia bost urtekoa da, eta beti hasi eta bukatzen da otsailaren 7an—. Moiseren arabera, ordea, bere legealdia 2017an hasi zen, eta 2022an amaituko da.
Konstituzioak zatituta
Oposizioak dio aurreko presidenteak kargua uzten duen une berean hasten dela zenbaketa, eta argudio horrekin bat datorrela konstituzioa ere. 1987an egindakoa da, eta hori aldatzeko asmoa dauka Moisek. Erreferendum baten bidez egin nahi du, eta, hasieran hil honetan bertan egin nahi bazuen ere, ekainaren 27ra atzeratu zuen. Presidenteak sustatu duen testu berriak presidenteorde kargua sortuko du, eta ezabatu egingo du lehen ministroarena; legebiltzarreko bi ganbera batuko ditu, eta atzerrian bizi diren haitiarrei hauteskundeetan parte hartzeko aukera emango die.
Moisen aurkakoek, ordea, ez diete zilegitasunik ematen haren asmoei, eta legea bere alde bihurritu izana egozten diote, agintaldia luzatzeko. Iragan otsailean protestak hasi ziren, oposizioaren arabera presidenteak kargua utzi behar zuen egunaren bueltan. Are, Joseph Mecene epaileak bere burua herrialdeko presidente izendatu zuen, bere logelan grabatutako bideo bat zabalduta. Ez zuen aitortza ofizialik izan nazioartean. Moisek «estatu kolpea» salatu zuen, eta nabarmendu «Haitiren jabe egin nahi duten oligarkak» zeudela horren atzean.
Lurrikara politikoarekin batera, indarkeria giroa hedatu da Haitin: ugaritu egin dira talde armatuek egindako bahiketak eta lapurretak. Iragan igandean, esaterako, hamar lagun bahitu zituzten La Croix-des-Bouquets barrutian; horietako zazpi, erakunde erlijiosoetako kideak. 400 Mawozo taldeak egin zuen erasoa, zenbait hedabideren arabera, etekin ekonomikoa ateratzeko asmoz.
Egoera salatzeko eta erasoak buka daitezen eskatzeko, Haitiko Apezpiku Batzarrak grebarako deia egin du, biharko, eta jakinarazi du haren jabetzakoak diren ikastetxe eta zentro guztiak itxita mantenduko dituztela. «Ezin dugu baimendu gaizkileek hil, bortxatu eta bahitu gaitzaten», adierazi du erakunde erlijiosoak, ohar batean.