Kostata, baina, nazioartetik bidalitako giza laguntza hasi da iristen Port-au-Princera. Hain da eskasa iritsitakoa, ordea, bakarrik utzi dituzten beldurrak hartu dituela denak. «Tentsio giroa gero eta nabarmenagoa da», ohartarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Arpilatzeak gertatu dira; baina herritarren etsipenak hain handia izan behar du, erreakzioak ez duela inor harritu. «Jendea haserretzen ari da», azaldu du David Winmhurstek, nazioarteko erakunde horrek Haitin duen misioko bozeramaileak.
Hondakinak eta hilotzak elkarren gainean jarrita, herritarrek barrikadak eraiki dituztela jakinarazi du Shaul Schwartz Time aldizkariko argazkilariak. Irudimakabroa dirudi, baina barrikadetara begira jarri gabe ere, Port-au-Princen edonon atera litezke halako argazkiak. Plan gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari Rezene Tesfamariamek berak inoiz ez duela halakorik ikusi aitortu du: «Lurrikarak sortu dituen kalteak edonoren imajinazioa gainditzen dute». Lur jo duten eskoletan oraindik jendea sumatzen zela esan zuen atzo Tesfamarianek. Alabaina, hondakinen artetik bizirik daudenak ateratzeko aukera txikiegia da dagoeneko. Salbamendu lanak lurrikaratik 72 ordura egin behar dira. Gaurtik aurrera egindakoak epez kanpo egindakoak izango dira, hortaz.
Zaurituak hiltzeko arriskuan
«Ospitaleak gainezka daude. Medikuak falta dira, asko lurrikaran hil zirelako edo senitartekoen bila ari direlako. Pazientzia handiz erreakzionatu dute orain arte, baina amorrua areagotzen ari da, eta huts egin dietela uste dute herritarrek». Andy Gallacher BBC hedabidearentzat berriemaile lanetan diharduenak herritarren ilara amaigabeak ikusi ditu; guztiak edateko ur eske. «Zaila da bizirik irautea hor kanpoan. Ez dago janaririk erosteko lekurik ere. Egoera oso gogorra da».
Nazioarteko Gurutze Gorriaren arabera, lurrikaran 45.000 eta 50.000 lagunen artean hil dira; biktimak, orotara, hiru milioi izan daitezke. Osasunaren Erakunde Panamerikarrak azaldu duenez, haatik, hildako 50.000 eta 100.000 artean ere izan daitezke. Osatzeko ebakuntzaren beharra dutenak, aldiz, milaka direla dio Mugarik Gabeko Medikuen gobernuz kanpoko erakundeak. «Atzo ehun bat laguni egin ahal izan genien ebakuntza, baina milaka lagun ditugu zain», adierazi du Stefano Zannini erakundearen misioburuak. Lurrikaran zauritutakoen artean gehienek hezurrak hautsita edo erredurak dituzte. Haiek berandu baino lehen artatzen ez badituzte, zauriek eraginda hilko dira.
«Nazioarteko laguntza hemendik gertu dago, oinez minutu batzuetara besterik ez. Baina jendeak ez du inolako laguntzarik jaso», salatu du Matthew Pricek. NBEk 8.000 lagunentzako elikagaiak banatu zituen atzo; hala ere, biktimak hiru milioi inguru direla kontuan hartuta, banatutako laguntza huskeria da.
«Port-au-Princen A puntutik B puntura joatea oso zaila da, lurrikarak eragindako txikizioagatik. Tonaka elikagai, ekipamendu eta ur garraiatzea ez da Twitter bezain azkarra eta erraza». Emilia Casella MEP Munduko Elikadura Programako eledunak atzerapenaren arrazoia azaltzeko ahalegina egin du. Errepideak, izan ere, oso baldintza kaskarrean daude, komunikabideak etenda daude oraindik, eta Haitin ez da hainbeste tonen zamaketa lanak egiteko azpiegiturarik. Horregatik, Port-au-Princeko aireportura iritsi dira giza laguntzarako hegazkinak; baina gehientsuenak oraindik hustu ere ez dituzte egin, horretarako tresneria egokia ez dutelako.
Port-au-Princeko aireportuan bertan ere lurreratzeko errail bakarra dago martxan; eta hegazkin askok zailtasunak izan dituzte Haitira iristeko. Hain zuzen, garraio lanak erraztu eta AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Haiti arteko bidea laburragoa egiteko, Kubak bere aire eremua zeharkatzeko baimena eman dio Washingtoni.
Barack Obama AEBetako presidenteak, berriz, babes osoa eman die Haitiko Gobernuari eta herritarrei. Herrialdearen berreraikuntzan jarraitzeko konpromisoa ere azaldu du. Herenegun 69 milioi euroko diru laguntza agindu zuen presidente estatubatuarrak. Ban Ki-moon NBE idazkari nagusiak, baina, Haitiko hondamendiari buelta emango badiote, 550 milioi euro beharko dituztela jakinarazi zuen atzo.
Bestalde, Christine Lagarde Frantziako Ekonomia ministroa Haitiri kanpo zorra barkatzeko prest agertu da; egun 1.300 milioi euro zor ditu Haitik. Frantziari58 milioi euro zor dizkio.