Port-au-Princeko kaian egurrezko dozenaka txalupa daude pilatuta, eta moilan ehunka lagun, ontziren batean leku bat aurkitzeko zain. Jeremie mendebaldeko hirira joaten den burdinazko ontziaren txartelak hamar euro balio du. Nico Chaillek, baina, ez du txanponik patrikan. Emaztea eta aita galdu ditu lurrikaran, eta bien gorpuak etxeko hondakinen artean daude. Haitin zuen apurra galdurik, alde egitea du amets, infernutik ihes egitea, baina badaki ez dela erraza izango. Autobusen batean joatea da beste aukera bat, baina erregai eskasiaren ondorioz, astebetean garestitu egin dira txartelen prezioak. Jainkoaren menpe dagoela dio, etsituta, Chaillek.
Exodoa etengabea da, eta, askorentzat, ez da etxea utzi behar izan duten aurreneko aldia; bigarren exodoa da. Nekazaritza herrietatik ihes egin zuten hiriburura etorkizun oparoago baten bila, eta, orain, jaioterrira itzultzen ari dira, hanhondamendia txikiagoa izan den itxaropenarekin. Senideen laguntza izango dute, bederen.
Dominikar Errepublikara pasatzen saiatzen ari direnak ere ugari dira. Mugak, baina, itxita daude, eta ez da erraza uhartea partekatzen duen herrialdera sartzea. AEB Ameriketako Estatu Batuetako itsasertza da aukera amestuena, baina baita arriskutsuena eta zailena ere. Miamiko kosta 1.500 kilometrotara dago, eta hamabost eguneko bidaia behar da hara iristeko. Washingtonek, baina, ohartarazi du ontziak ikuskatzeko neurriak zorroztu dituztela eta atzemandako lagunak bueltan bidaliko dituztela Haitira. Port-au-Princeko portuaren gainean hegaldatzen diren airekoek ere egunean bost orduz mezu bat helarazten dute kreoleraz: «Ez ezazue itsasotik ihes egin, arriskutsua da, eta, harrapatuak izanez gero, ondorioak okerragoak izango dira».
Errefuxiatu estatusa
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, hilabeteko epean milioi bat izango dira hiriburutik ihes egiten saiatuko diren lagunak. Nazioarteko enbaxaden aurrean milaka lagun biltzen dira egunero bisa lortzeko, baina bide hori ere antzua da une honetan.
Barack Obamak, bien bitartean, elkartasun keinu moduan herrialdean dauden paperik gabeko 200.000 haitiar arautzeko programa zabaldu du. Hondamendi naturalen biktimei behin-behineko errefuxiatu estatusa aitortzen die programa horrek; baina program horretan izena eman ahal izateko, herrialdean urtarrilaren 12aren aurretik zeudela frogatu beharko dute haitiarrek. Hemezortzi hilabetez egongo da indarrean programa, eta espero da lana aurkitzen duten haitiarrek jaioterrira dirua bidaltzea. Horren harira, Janet Napolitano AEBetako Segurtasun Nazionaleko idazkariak argi utzi nahi izan du programa hori ez dela herrialdean sartzeko bidea.
Haitiarrak, bien bitartean, moilan daude ontzi baten zain.
HAITIKO LURRIKARA. Infernutik ihes egiteko exodoa
Port-au-Princetik milaka lagun ari dira ihes egiten; AEBetako itsasertza dute amets haitiar askok, baina jada ohartarazi dute ontziak ikuskatzeko neurriak zorroztu dituztela eta bueltan bidaliko dituztela Haitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu