Iturri ofizialek datu berriak eman dituzte gaur: dagoeneko 2.189 pertsona hil dira Haitin joan den larunbatean gertatutako lurrikararen ondorioz. Richter eskalan 7,2 gradukoa izan zen astindua, eta erreskate lanetan ari direnek 32 pertsona atera dituzte hondakinen artetik; gutxienez 332 desagertuta daude oraindik. Gainera, Grace ekaitz tropikalak bilaketa lanak zaildu ditu. Zaurituak 12.268 dira, eta laguntza behar dutenak 600.000. «Dena galdu duten familiak kontaezinak dira, eta, literalki, uholdeen ondorioz hankak uretan dituztela bizi dira orain», ohartarazi du Unicefek Haitin duen ordezkariak, Bruno Maesek.
Kaotikoa da egoera, eta ospitaleak gainezka daude. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 500.000haurrek zailtasunak dituzte elikagaiak jasotzeko, ur edangarria eskuratzeko eta babesleku bat edukitzeko. Berri agentziek jaso dituzten lekukotzen arabera, Les Cayesetik kanpo —batez ere hiri horri egin dio kalte lurrikarak— bizi direnek ez dute oraindik laguntzarik jaso. Hango lider erlijioso baten esanetan, ez dute horretarako «ez dirurik, ez baliabiderik». Ariel Henry Haitiko lehen ministroaren arabera, herrialdea «belauniko» dago, eta adierazi du Haiti «fisikoki eta mentalki suntsituta» dagoela.
NBEren Munduko Elikadura Programak esan du herrialdeko agintariekin lanean ari dela herritarrak artatzeko. Baina Grace ekaitzak zaildu egin du arta hori, haren ondorioz mendialdean dauden eskualdeetako errepideak ez daudelako erabiltzeko moduan.
Horrez gain, Xavier Adsara NPH Gure Anaia Txikiak fundazioko Europarako presidenteak azaldu duenez, Gangs izeneko talde paramilitarrek nazioarteko laguntza iristen den eremuetarako sarbideak kontrolatzen dituzte. Adsararen arabera, NPHren helburua «zauritutako herritarrei laguntzea eta senideak galdu dituztenei laguntza psikologikoa ematea» da. Baita lurrikararen ondorioz dena galdu dutenei «janaria eta aterpea» ematea ere. NPHren ordezkariak adierazi du «eremua oso ondo ezagutzen duten profesional haitiarrak» dituztela, eta «funtsezkoa dela bertakoak izatea talde paramilitarrekin harremanetan jartzeko». Adsarak, gainera, Haitin «medikuak eta sendagaiak» falta direla salatu du.
«Elkartasuna» adierazteko mezua
Hilabeterako larrialdi egoera ezarrita dago Haitin, eta behin-behineko lehen ministro Ariel Henryk herritarrei eskatu die «elkartasuna» adieraz dezatela. Azken urteetan hainbat natura hondamendi gertatu dira Karibeko uharte horretan. 2016an, esaterako, handik igaro zen Matthew urakana, eta azpiegituren %90 txikitu zuen. 2010ean gertatutako 7 graduko lurrikarak, berriz, 200.000 hildako eragin zituen, eta nola azpiegiturak hala ekonomia bera birrindu egin zituen.