Haitiko ospitaleetatik haurrak bahitu dituztela salatu du gaur Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak. Jean Claude Legrand haurren babeserako Unicefen aholkulariak Genevan (Suitza) egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, gutxienez hamabortz dira harrapatu dituzten umeak. Giza trafikoaren sareei egotzi dizkie bahiketak Legrandek, eta Dominikar Errepublikatik jarduten duten susmoa du.
Jeremy Hartley Unicefek Genevan duen komunikazio arduradunak, ordea, bahitutako haurren zifra zehatzik ez dutela adierazi du: "Datu zehatzagoen bila ari gara, baina Haitin dagoen egoera kontutan hartuta hagitz zaila da".
Legrandek azaldu duenez, haurren giza trafikoa joan den asteko lurrikara gertatu baino lehenagotik existitu da Haitin: "Lehenagotik ere bazeuden sareak Haitin, eta nahiko aktiboak ziren, haurrak bahitu eta nazioarteko adopzioen merkatuari uzten baitzizkioten. Hondamendi bat gertatzen den aldioro, sareak Estatuaren eta kontrol sistemen ahuleziaz baliatzen saiatzen dira". Bahitutako haurrak "ez dira umezurtzak", azpimarratu du Unicefen aholkulariak.
Unicefek jakinarazi duenez, bahiketak ekiditeko neurriak hartu ditu, eta bakarrik dauden haurrentzako kanpamenduak antolatzen hasi da.
Urtarrilaren 13an Richter eskalan 7 graduko lurrikarak astindu zuen Haiti eta, bertako gobernuaren arabera, ehun mila lagunetik gora lagun hil eta 1,5 milioi etxerik gabe gelditu dira.
Mundua
Haitiko ospitaleetatik haurrak bahitu dituztela salatu du Unicefek
Gutxienez hamabortz bahitu dituztela dio erakundearen aholkulari batek. Giza trafikoaren sareek harrapatu dituztela uste du Unicefek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu