Haitiko lurrikara izan eta bi astera oraindik ere zailtasunak dituzte nazioarteko erakundeek giza laguntza banatzeko. NBE Nazio Batuen Erakundeak aitortu du laguntza ez dela oraindik kaltetu guztiengana iritsi eta laurden batek soilik jaso dituela elikagaiak. John Holmes NBEko Giza Gaietarako idazkariordeak zehaztu du hamar milioi errazio banatu dituztela eta ura ia kaltetu guztiengana iritsi bada ere «jende ugarik oraindik ez du ezer jaso». Egoera, baina, hobera egiten ari dela uste du Holmesek: «Oro har aurrerapausoak eman ditugu, baina ohartzen gara laguntza behar duen jende guztiarengana iristeko oraindik bide luzea dugula aurretik». Bi milioi dira elikagaien premian direnak, eta horietatik 500.000 lagunek ez dute jaso ezer. Port-au-Princetik kanpo dauden kaltetuen egoera da kezkagarriena; izan ere, giza laguntza banatzeaz arduratzen diren erakundeak hiriburuan aritu dira orain artean. Erronka orain beste hiri eta herrietara iristea da.
NBEk nazioarteari eskatutako 575 milioi dolarren erdia jaso du jada, eta etxerik gabe dauden lagunei aterpea emateko bideratuko dute diru horren zati bat. Kaltetuak non kokatu da orain kezketako bat. Orotara milioi bat dira aterperik gabe daudenak, eta, horiei behin-behineko babesleku bat emateko, 200.000 kanpadenda behar dira.
Erreskate taldeak, bien bitartean, herrialdetik ari dira joaten pixkanaka-pixkanaka. Mundu osoko 67 talde aritu dira hondakinen artean bizirik egon zitezkeen lagunak bilatzen, eta, seismoa izan eta bi astera, jada ezinezkotzat jo dute inor bizirik aurkitzea. Hiriburuko kaleetan eta hondakinen artean, hala ere, gorpu ugari daude oraindik, eta horiek biltzeko lana bizkortu egin nahi dute. Poliziak jakinarazi du, gainera, gorpu asko identifikatu gabe lurperatu dituztela hobi komunetan, eta horrek are zailago egingo du hildakoen kopuru zehatza jakitea. Gobernuaren arabera, 150.000 lagun hil ziren urtarrilaren 12ko lurrikaran. Atzo 4,9 graduko erreplika bat izan zen.
Haitiko seismoa izan eta bi astera giza laguntza ez da iritsi kaltetu guztiengana
NBEk aitortu du banaketa hobetzen ari bada ere kaltetuen laurden batek baino ez duela jaso elikagairik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu