Gustav-ek eragindako kalteetatik guztiz osatu gabe zela igaro da Hanna urakana Haititik. Orain hondamendiari aurre egin ezinda daude, Rene Preval uharteko presidentearen hitzetan. Haize bolada indartsuek sortutako uholdeen ondorioz, gutxienez 61 lagun hil dira herrialdean; guztira, 170 lagunek galdu dute bizia azken asteetan. Urakanen denboraldia hasi zenetik Hanna Haititik igaro den hirugarren urakana da; Ike ere indartsu ari da gerturatzen. Urakan hori Siffer-Simpson eskalan laugarren mailan zegoen atzo, Leeward uharteetara bidean.
«Jeanne-kin alderatuta horrek kalte are handiagoak eragin dituela uste dugu», adierazi du Prevalek. Jeanne urakanaren ondorioz, 3.000 lagun hil ziren Haitin, 2004an. Oraingo honetan, baina, biktima gehiago izango diren beldur da Prevel. «Egun oso bat etxeko teilatuan igaro dute herritar askok, jatekorik eta edatekorik gabe. Gainera, ezin diegu lagundu», adierazi du, bestaldetik, Paul Antoine Bien-Aime Haitiko Barne ministroak. Itsasoaren mailak gora egitean, urak dena estali du zenbait eskualdetan. Askok, oraindik, noiz erreskatatuko dituzte zain jarraitzen dute.
Haitin triskantzak egin ondotik, Hanna-k Bahametako bidea hartu du ekaitz tropikal bihurtuta; hala ere, gaurko urakan bihur daiteke berriro.
Egoera ezin okerragoa
Babes Zibilak emandako datuen arabera, uharteko iparraldeko Artibonite eskualdean 37 lagun hil dira; horietatik 21 Gonaives hirian. Urakanak kalte gehien eragin dituen eskualdea da hori. Hegoaldean 11 lagunek galdu dute bizia, Nippesen pertsona bat hil da eta mendebaldeko departamenduan, berriz, hamabi. Kalteak ere handiak izan dira nekazaritzan eta abeltzaintzan. Eta eraikin asko suntsituta geratu dira.
Alabaina, urakanak iparraldera egin ahala,egoerak ez du hobera egin Haitin. Eremu asko erabat isolatuta daude; horregatik, datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egingo duela uste da. Hori hala, eta baldintza metereologikoek hobera egiten ez duten arte, uhartearen iparraldean alerta gorria ezartzea erabaki dute agintariek.
Haitin adinako hondamendirik eragin ez badu ere, Dominikar Errepublikatik eta Puerto Ricotik ere igaro da Hanna. Dominikar Errepublikan 10.745 lagun ebakuatudituzte. Eta Puerto Ricoko hainbat eskualdetan uholdeak izan dituzte.
Alabaina, ekialdetik gerturatzen ari den Ike-k arduratzen ditu orain gehien. Josephine ere hurbiltzen ari da, oraindik urrutik badago ere. Egoera benetan larria dela ohartuta, hala, Etxe Zuriabera ere Gustav-ek Kuban eragindako kalteak osatzen laguntzeko prest agertu da.
Haitin azken urteetako hondamendi handiena eragin du 'Hanna' urakanak
Gutxienez 61 lagun hil dira Haitin, eta 'Ike' urakanak indar handia hartu du Leeward uharteetara bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu