Haitin koleragatik arrozaren uzta galtzeko arriskua dagoela ohartarazi du FAOk

Herritarren elikatzeko beharrak betetzeko arazo larriak iragarri ditu Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak

Erredakzioa
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ia urtebete igaro da lurrikara izan zenetik Haitin; ondorengo urakanak uholdeak ekarri zituen; gero kolera, ustez NBEko soldaduek. Lurrikararen ondorioak pixkanaka gaindituz joan beharrean kontrakoa gertatzen ari da, ez baitago sektorerik sarraskitik libratu denik. Orain nekazaritzaren arloari egokitu zaio alarma piztea, eta egoera «oso larria» dela dio FAOk txosten batean,Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak.

Haren arabera, arrozaren datorren uzta arriskuan dago, eta, beraz, herritarrentzako elikagaien hornikuntza. Koleraren beldur dira nekazariak, eta ez diote lurrak lantzeari heldu nahi. Horrekin batera, kontsumitzaileen jarrera aztertu dute, eta «kezkagarria» da, gaixotasunak jo dituen eremuetako elikagaiak kon- tsumitzeari uko egiten diotelako. Jakinarazpen horrek nekazaritza arlo guztiari egingo dio kalte, baita merkataritzari ere.

2.700 lagun inguru hil ditu epidemiak dagoeneko, baina horiek baino gehiago direla salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek, nekazari guneetako biktima asko ez dituztela kontatu agintariek. Arduradunek ez, baina nekazariek badakite hori, eta euren lurrak ureztatzen dituzten ibaiak eta ubideak kutsatuta daudela uste dute, eta, hala balitz, arrozarekin gaixotasunaren eragina asko zabalduko litzateke.

Higiene neurriak

Gaixotasunaren transmisioa eragozteko higiene neurriak zabaltzen aritu dira Haitin, baina mezuok nekazari gune askotara ez dira iristen, eta, beraz, zabaltzeko arrisku handiagoa dago. FAOrentzat, «oso garrantzitsua» da gaixotasunaren transmisioa gune horietan galarazteko haiei espresuki zuzendutakoak izatea, «nekazari guneek neurri bereziak behar dituzte, eta batez ere nekazariek eurek», Etienne PeterschmittFAOren Haitirako ordezkariaren arabera.

Nazio Batuen Erakundeak proposatzen du irratiz esaten dituzten neurriak ahoz ahokoak izan daitezela nekazari guneetan. Haren ustez, elikagaien segurtasuna arriskuan dago baldin eta erremediorik jartzen ez bazaionekazaritza izaten ari den gainbeherari.

Baina kolerari erremedioa jartzea oso zaila izango da, eta, gainera, luzerako dute Haitin, osasun erakundeek esan dutenez. Dozenaka mila lagun hil ditzakeela uste dute. Aurretik izan diren adibideetan oinarritzen dira baieztapen hori egiteko; Perun, besteak beste. Han lau urte iraun zuen gaixotasunak, eta hamasei herrialdetara zabaldu zen, baina Haitiko egoera okerragoa da, dauden milioi bat desplazatuen bizi-baldintzak okerragoak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.