Hakkani talde armatuko buruzagi bat atxilotu du NATOk Afganistanen

NATOren Afganistango misioaren helburu nagusietako bat da Hakkani ahultzea; atxiloketa «urrats handia» izan dela dioteAfganistango presidenteak jakinarazi du talibanekin negoziazioak amaitu dituztela

2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Haji Mali Khan Hakkani sare armatuko buruzagietako bat atxilotu du NATOk Afganistanen. Aliantzaren arabera, talibanen eta Hakkaniren arteko mandatari lanak egiten zituen, eta baita milizianoak errekrutatu ere. Afganistanekin muga egiten duen Pakistango Ipar Uaziristan probintzian dauka talde armatuak base nagusia, eta nazioarteko tropen, Indiaren eta Afganistanen aurkako erasoak antolatzen dituzte handik. Hain justu, maiatzean Osama Bin Laden Al Kaedako burua hil zutenetik Hakkani sarea bilakatu da AEBen etsai nagusia eremu horretan. Taldeari laguntza ematea leporatu dio berriki AEBetako armadak Pakistani, eta azken hilabeteetan ahuldutako bi herrialdeen arteko harremana are gehiago gaiztotu da.

Asteartean atzeman zuten NATOko tropek Kahn, eta hainbat matxinorekin batera atxilotu zuten. Hark, «leporaino armatua» egonagatik, ez zuen aurre egin, aliantzaren iturrien arabera. Iaz Kahnek matxinoak entrenatzeko base bat eraiki zuela uste dute, eta gaur egun taldearen finantzaren arduradunetako bat zela. Hain zuzen, Hakkani sarea ahultzea da NATOren Afganistango misioaren helburu nagusietako bat, talde horretako ekintzaileek egin baitituzte azken urteotan aliantzaren tropen aurkako atentaturik gogorrenak. Atxiloketa horrekin «aurrerapauso handia» eman dutela adierazi du NATOk.

AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak 80ko hamarkadan Afganistandik sobietarrak kanporatzeko finantzatu eta armatutako taldea da, hain justu Jalaludin Hakkanik sortutakoa. Gaur egun, Pakistango eremu tribaletan eta Afganistango hainbat probintziatan izugarrizko eragina dauka. Nazioarteko tropak erretiratu osteko Afganistanen zeresan handia izango duelakoan daude adituak.

Egun batean aliatu izan zuten taldea etsai bilakatu zaie, ordea, AEBei Afganistango okupazioaz geroztik, eta garai batean emandako armekin eraso egiten diete orain euren soldaduei. 2014rako aurreikusi duten tropen erretiratzea gatazkatsua ez izatea Hakkaniren esku dago hein handi batean. Herrialdean bakea bermatu nahi dute AEBek soldaduak erretiratu aurretik, baina Hakkani ahultzea beharrezkoa dute horretarako.

Datorren urtean 33.000 soldadu aterako ditu herrialdetik. Aurtengoa, baina, gerra hasi zenetik gogorrena izaten ari da. Lehen seihilekoan kasik 1.500 zibil hil zituzten.

Pakistan, are bakartuago

Mike Mullen AEBetako armadaburuak Pakistango ISI informazio zerbitzuei Hakkani taldeari sostengua ematea leporatu zien duela bi aste. Are gehiago, talde hori ISIren «adar» bat dela esan zuen. Pakistanek salaketak ukatu ditu, eta bide horretatik jarraitzen badu «aliatu» bat galduko duela ohartarazi dio Washingtoni. Afganistango porrotaren errua Pakistani bota nahi izana egotzi dio, bestalde, Javed Ashraf Kazik ISIko buru ohiak.

Mullenen hitzek AEBen eta Pakistanen arteko distantzia areagotu baizik ez dute egin. Bin Ladenen hilketaz geroztik, harremanak hoztu egin dira, operazioaren berri eman ez izanagatik minduta baitago Pakistango Gobernua. Obamak ez du Mullenen esana babestu, eta Hakkani sareak Pakistanen gotorlekuak izatearen frustrazioak eragindako hitzak direla adierazi du, armadaburuak esandakoa zuritu nahian. Dena den, Hakkaniren aurka neurriak hartzeko exijitu dio Pakistani, eta matxinoei bere lurretan zigorgabetasun osoz ibiltzen ez uzteko.

Bi herrialdeen arteko harremanak ez direla «behar bezalakoak» aitortu du, gainera, Obamak. Pakistani bere lurretan muturreko taldeak egoteak ez diola inori mesede egiten adierazi du, eta hori uler dezaten presio egingo dutela. Horrez gain, AEBetako Senatuak1.000 milioi dolarretako diru laguntza baldintzatu du; Hakkaniren aurkako ekintza jakin batzuk egin beharko ditu Pakistango Gobernuak dirua eskuratu nahi badu.

Asif Ali Zardari Pakistango presidenteak, bestalde, «negoziazio serioa» eskatu dio Obamari. «AEBek Pakistanekin hitz egin behar dute, etengabe egin behar duena agindu ordez», kritikatu du Zardarik.

Rabbaniren hilketa

Hakkaniri egozten diote Burhanuddin Rabbani Afganistango presidente ohiaren eta BakeKontseiluaren buru zenaren hilketa. Talibanen eta gobernuaren arteko bitartekaritza lanakegiten zituen Rabbanik, eta haren heriotzak hankaz gora jarri du bake prozesua, Hamid Karzai Afganistango presidenteak amore eman baitu. Talibanekin negoziazioak amaitu dituztela jakinarazi du.

«Pakistanekin besterik ezin dugu hitz egin», esan du Karzaik etsita, talibanekin 2010ean hasitako negoziazio prozesuak ez duela fruiturik ematen ikusita. «Rabbaniren hilketak agerian utzi du talibanek ez dutela erabakirik hartzeko autoritaterik. Norekin negoziatu behar dugu bakea?», galdetu du Karzaik. «Gure etsaien babesleku eta baseak Pakistanen daude, beraz, Pakistanekin hitz egingo dugu», gaineratu du. AEBetako armadaburuak eginiko salaketa errepikatu du, gainera, Afganistanek. «ISI matxinoak erabiltzen ari bada, orduan Pakistan da negoziaziorako agentea».

Hakkani sareak 5.000 eta 15.000 ekintzaile inguru dituela diote adituek, eta talibanekin aliantzak dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.