«Gure herriaren iragana, oraina, eta etorkizuna Halabeko borrokaren mende daude». Bi aste jendaurrean adierazpenik egin gabe egon ostean, hala adierazi zuen atzo Baxar al-Assad Siriako presidenteak. Armadak iragan larunbatean hasi zuen herrialdearen iparraldeko Halab hiria kontrolatzeko erasoaldia, eta presidentearen ustez, armadaren eta oposizioko Siriako Armada Askearen arteko borroka horrek erabakiko du herrialdearen etorkizuna.
Al-Assadek goraipatu egin du gobernuaren segurtasun indarrek «terrorista taldeen» aurka egindako borroka, eta zuzenean mintzatu zaie bere soldaduei: «Konfidantza handia dut zuengan, eta herritarrak ere fidatzen dira zuetaz; bidezko helburu batzuen defendatzaileak zarete, eta gure nazioaren indarra izaten segitu behar duzue». Al-Assadek Siriaren egungo balioen «bermatzailetzat» jo du armada.
Presidentearen arabera, matxinadaren bidez «etsaiek» Siria desegonkortu nahi dute, eta Siriaren gaitasun ekonomikoa ahuldu: «Siriarrei haien etorkizuna eraikitzea eragotzi nahi diete, baina konspirazio horri aurre egin nahi dioten herritarrekin egin dute topo».
Borroka etengabeak
Herrialde osoan zehar izan ziren atzo ere Al-Assaden aldekoen eta Siriako Armada Askeko matxinoen arteko borrokak. Egoitza Londresen duen Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera,117 pertsona hil ziren gutxienez; gehienak Damaskon eta haren inguruetan.
Halaben gutxienez hamalau hildako zenbatu ditu Batzordeak. Siriako presidentearen hitzek erakusten dute Halab hiriko borrokak zer-nolako garrantzia duen gatazkaren bi aldeentzat. Gobernuak zein matxinoek herrialdeko hiririk handienaren kontrola hartu nahi dute. Izan ere, Turkiarekin zuzenean lotzeko aukera izango lukete horrela oposizioko talde armatuek, eta errazago lukete laguntzak jasotzea eta hornitzea.
Siriako armadak jakinarazi duenez, «terrorista asko» hil zituen atzo Halaben. Tartean, iparraldeko matxinoen taldeetako bi buru ere bai, Zein Mohammad Lababidi eta Jaled Damuk. Armadaren arabera, guztira 3.000 matxino daude Halaben. Dena dela, hildakoak ez daude soilik alde batean. Sarean jarritako bideo batean, Al-Assaden aldeko lau gizon nola hiltzen dituzten ikus daiteke. Irudiek erakusten dutenez, matxineok jendez betetako patio batera eraman zituzten Al-Assaden ustezko lau jarraitzeilak, eta tiroz hil zituzten han. Gainera, lurrean botatako gorpu gehiago ere ageri dira irudietan.
Bestalde, egoitza AEB Ameriketako Estatu Batuetan duen Siriari Laguntzeko Taldeak iragarri du, AEBetako Gobernuaren baimena jaso duela oposizioko Siriako Armada Askeari laguntza bidaltzeko. Taldeak laguntza ekonomikoa bakarrik bidali ahal izango dio; debekatua du laguntza militarra ematea. Siria «plural, zibil eta demokratiko» baten alde lan egiten duen taldearen ustez, garrantzitsua da matxinoei laguntza emateko jaso duten baimena.
Bestalde, Israelgo armadak jakinarazi du Golango Gainetan Siriako errefuxiatuak «behin-behinean» hartzeko prestatzen ari dela. Azaldu dutenez, «arrazoi humanitarioengatik» hartuko ditu Siriako iheslariak Tel Avivek.
Putinen jarrera
Kremlinak berretsi du Vladimir Putin Errusiako presidenteak inoiz ez duela hitz egin Al-Assadek agintea utzi beharraren alde. Izan ere, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak horren harira egindako adierazpenek erreakzio ugari sortu ditu Errusian.
«Gure gain hartzen ditugu itzulpen hutsak, baina adierazpen horiek ez dute zerikusirik errealitatearekin», azaldu du Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak. Hain zuzen ere, Londresen izango da gaur Putin, Siriako gatazkaz hitz egiteko.
Halaben Siriaren geroa dago jokoan, Al-Assaden ustez
Herrialdeko hiririk handienetan bigarren da Halab, eta hango borroka erabakigarritzat jo dute gatazkako bi alderdiekOposizioaren arabera, gutxienez 117 lagun hil zituen atzo Siriako armadak herrialdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu