Hamabosten oztopoei erronka

2004ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
uropako Batasuneko egungo kideek hainbat baldintza eta oztopo jarriko dizkiete kide berrietako herritarrei lanera jende uholdea joan ez dadin; Malta eta Zipreko herritarrak izango dira salbuespenak. Bitik zazpi urterako aurreikusi dituzte neurriak. Bizilagun berrien itxaropenetako bat atzerrira lanera eta bizitzera joan ahal izatea denez, Hungariako lehen ministro Peter Medgyessyk erronka batekin erantzun die Hamabostei: oztopoak jartzen dituzten estatu kideetako herritarrei trabak jarriko dizkio Budapestek bertara lanera joateko. Gobernuak ez du espero langile mugimendu handirik sortzea Hungariatik kanpora.

Joan den astean iragarri zuenez, langileei mugak jartzen ez dieten estatuetako herritarrek, aldiz, Hungarian ez dute mugarik izango, eta muga batzuk jarri baina lan aukerak ematen dituzten herrialdeetako herritarrei lan baimena eskatuko die. Teorian, kide berriek erabat ireki behar dituzte mugak. Alabaina, Budapestek argudiatu du egoera justifikatuetan, eskubidea dutela baldintza hori ez betetzeko. Istvan Locodik (24) ontzat dauka Medgyessyren gobernuaren erabakia: «Beste herrialdeetako herritarrak edonora joan daitezke eta negozioak egin ditzakete Hungarian. Hungariarrek zergatik ezin dugu gauza bera egin?». Eva (31) senarra eta ume txikiarekin dabil parkean. Ingalaterrara gustatuko litzaioke joatea bizitzera eta EBren erabakia bidegabea iruditzen zaio. Senarrari, aldiz, Parisera, animatzailea delako eta han aukera gehiago izango dituelako. Gzorgyk ulergarritzat du. Alemanian, adibidez, 50.000 ingeniari langabezian daudela nabarmendu du. «EBko herrialdeek arazoak dituzte; guk ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.