errefuxiatuen krisia

Hamalau iheslari ito dira Turkiatik Greziarako bidean

Zazpi haur daude tartean; irailetik urrira bitartean 70 haur hil dira Mediterraneoan. Eslovenia hasi da Kroaziaren mugan alanbre hesia altxatzen.

Militarrak, Eslovenia eta Kroazia arteko hesia altxatzen. ANTONIO BAT, EFE
2015eko azaroaren 11
08:11
Entzun

Siriatik ihesi Turkiatik irten zen itsasontzia hondoratuta ito dira. Greziako Lesbos zuten helmuga.

Urriaren hondarretan, gutxienik 25 errefuxiatu hil ziren eta beste 80 galdu ziren Mediterraneoko uretan. Larrialdi zerbitzuen arabera, ia mila lagun erreskatatu zituzten urriko azken astean Mediterraneoko uretan.

UNHCRen datuen arabera, urtea hasi denetik, 700.000 iheslari baino gehiago iritsi dira Europara Mediterraneoan barrena; iaz baino hamahiru bider gehiago. 3.000tik gora  bidean hil dira, itota. Horietako asko, adingabeak; irailetik urria bitartean 70 haur hil ziren Turkiatik Greziara bidean izaniko hondoratzeetan.

1,8 garaierako alanbre hesia

Gaur bertan hasi da Eslovenia Kroaziaren mugan alanbre sarea jartzen. 670 kilometrotan dira mugakide, eta hainbat tokitan altxako dute hesia. Oraingoz, Zagreb mendebaldean dagoen Obrezjeko mugan eta Gibinakoan altxako dute hesia. 1,8 metroko garaiera izango du.

Miro Cerar Esloveniako lehen ministroak adierazi du "aldi baterako" altxako dituztela hesiak, eta iheslarien sarrera "inkontrolatua" eragoztea bilatzen dutela. Nabarmendu du iheslariek helmuga dituzten Alemaniak eta Austriak egunean 6.000 iheslari baino gehiago ez dituztela hartzen.

Iturri ofizialen arabera, atzo 7.500 iheslaritik gora heldu ziren Esloveniara; gaur, bi milatik gora iritsi dira Kroaziatik trenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.