Urrats bat gehiago egin du Guardia Zibilak. Orain arte erreferendumarekin lotutako propaganda atzemateko operazioak egin ditu, baina gaur, Generalitateari eraso egin dio zuzen-zuzenean, haren egoitzetara sartuz eta goi kargudunak atxilotuz.
Nahasiak dira berriak. Bartzelonako 13. Istrukzio Auzitegiak baimendu duen operazioa goizean goiz abiatu da. Auzitegiko iturrien arabera, berak deitu du operazioa, poliziek eskatu gabe. Auzia sekretupean dago. Guardia Zibila Generalitatearen hainbat egoitzatara sartu da, eta hamalau lagun atxilotu ditu. Epailea 20 lagun ari da ikertzen, Auzitegiaren arabera, eta 41 miaketa egiteko agindu du.
Atxilotuen zerrenda osatu gabe dago oraindik:
1-Josep Maria Jove Llado (Ekonomia eta Ogasuna)
2-Lluis Salvado Tenesa (Ekonomia eta Ogasuna)
3-Juan Manuel Gómez (Ekonomia eta Ogasuna)
4-Josue Sallent Rivas (Teknologia)
5-David Franco Marcos (Teknologia)
6-Jordi Puignero (Teknologia)
7-Xavier Puig Farre (Gizarte Gaiak)
8-David Palacad Serrano (Atzerriko gaiak)
9-Juan Manuel Góme (Ekonomia eta Ogasuna)
10-Fundacio.cat-eko kide bat.
11-Pau Furriol Fornells (Propagandarekin lotuta)
12-Mercedes M. Martos (Propagandarekin lotuta)
Miaketak 22 behintzat izan dira. Gutxienez, bost kontseilaritzatan sartu da Guardia Zibila: Ekonomia Kontseilaritzan —Salvadorren bulegoa miatu dute, besteak beste—, Atzerrikoan, Lan eta Gizarte Gaietakoan eta Gobernaziokoan. Zerga Agentzian ere sartu dira, eta baita Informazioaren Teknologia eta Telekomunikazio Zentroan ere. Atxilotuetako batzuen etxeetara ere sartu da.
Santi Vidal epailea eta ERCko senatari ohiaren etxea eta Carles Viver i Pi-Sunyer jurista eta Autogobernurako Ikasketek Institutuko zuzendariaren etxea ere arakatu ditu Guardia Zibilak.
Industrialde bat ere arakatu dute gaur, eta, diotenez, sei milioi botopaper topatu dituzte.
Guardia Zibilak miaketak egin dituen tokietan jendetza elkartu da. Gunerik jendetsuena Ekonomia Kontseilaritzaren ataria da, Ranbletan. Milaka dira han elkartuta protestan ari direnak.