Italia

Hamalau pertsona hil dira Alpeetako teleferiko bat amilduta

Hildakoen artean haur bat dago, eta beste bat hil edo bizi dago. Kable bat hautsi zen, eta segurtasun sistemek ez zuten funtzionatu.

Suhiltzaileak, teleferikoaren kabinaren hondakinak akaztertzen. ITALIAKO SUHILTZAILEAK
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 24a
07:59
Entzun

Alpeetako Maggiore Lakuko Stresa eta Mottarone estazioen arteko teleferikoaren kabina bat amildu zen atzo, eta hamalau pertsona hil ziren. Kabinari eusten zion kablea apurtu zen, baina segurtasun sistemek ez zuten funtzionatu, Carabinieriren arabera.

Baso batean erori zen kabina. Lekukoek esan dutenez, soinu ozen bat entzun zen, eta kabinak atzera egin zuen azkar. Gero, teleferikoen zutabea jo zuen, eta amildu.

Bi haur bizirik erreskatatu zituzten, 9 eta 5 urtekoak, eta Turingo erietxe batera eraman zituzten. Horietako bat hil egin zen handik  gutxira, eta bestea hil edo bizi dago.

>Erreskate lanen une bat.Italiako suhiltzaileak>

Kabina helmugatik 300 metrora zegoela gertatu zen ezbeharra, ibilbidearen punturik altuenetako batean. Hildako kopurua handiagoa izan zitekeen. Izan ere, normalean, halako kabinek 40 pertsona eraman ahal dituzte, baina, koronabirusarengatik harturiko neurriengatik, hamabost pertsona bakarrik eraman zezakeen.

Teleferikoa 2014. urtean itxi zuten goitik behera aztertzeko, eta 2016ko abuztuan zabaldu zuten berriz. Berritzeko lanetan lau milioi euro gastatu zituzten.

Italiako gobernuburu Mario Draghik «samin handia» adierazi zuen atzo.

>Bi haur zauriturik atera zituzten hondakinetatik. Horietako bat erietxean hil zen gero.Italiako Suhiltzaileak>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.