Afganistango mendebaldean gutxienez hamalau poliziak desertatu dute, eta talibanekin bat egin dute. Desertatu dutenen artean, gainera, goi kargudun bat dago. «Mirwais Khan polizia komandantea da desertatu dutenetako bat», azaldu du Farah probintziako gobernuko ordezkariak. Probintziako poliziaburu Aqa Noor Kintozek zehaztu duenez, hiru kontrolguneren ardura zuen Khanek, eta desertatzerakoan Poliziaren bi auto eta arma ugari eraman dituzte. Talibanen kide izandakoa da Khan, eta duela hiru urte egin zuen bat bake prozesuarekin, beste hogei lagunekin batera. Duela bi urte egin zen polizia.
Bestalde, herrialdeko ekialdean, Wardak probintzian, Poliziaren eta talibanen artean izandako borroketan gutxienez hamabost taliban hil dituztela jakinarazi du Wardakeko gobernadore Halim Fedayik. Azaldu duenez, talibanek zazpi lagun bahitu zituzten, lau polizia horien artean. Borroketan, baina, bahituetako lau askatu zituzten, polizia bat tartean.
Denak adingabeak
Ghor probintzian, Afganistango erdialdean, zazpi ume hil ziren atzo, mina batekin jolasten ari zirela. Hayi Khatibi gobernadoreak jakinarazi duenez, Khwaja Ghar zonaldean gertatu da ezbeharra, hamar eta hamalau urte bitarteko umeak artalde bat zaintzen ari ziren bitartean.
Khatibiren arabera, umeek lurrean aurkitu zuten lehergailua, eta hari harriak botatzen hasi ziren, jolasean, zer zen jakin barik. Geroago, gailuaren mutur batetik kable bat ateratzen zela ikusi zuten, eta tira egin zuten handik. Eztanda egin zuen orduan.
Ameriketako Estatu Batuek herrialdea inbaditu zutenetik hamar urte pasatu dira, eta 2014an dira nazioarteko tropak Afganistandik ateratzekoak. Indarkeriak, nolanahi ere, inoiz baino biziago jarraitzen du herrialdean. Gizarte zibilak du, gainera, kalte handiena. Iazko urtean, esate baterako, 3.021 zibil hil ziren gatazkaren ondorioz, adingabeak haietako asko.
Hamalau poliziak talibanekin bat egin dute Afganistanen
Zazpi ume hil dira erdialdeko Ghor probintzian, mina batekin jolasten ari zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu