munDUA

Hamalaugarren bonba Grezian

Gaurkoa Frantziaren enbaxadara igorria zegoen, baina Poliziak lehenago atzeman du. Inork ez ditu, oraingoz, bidalketak bere gain hartu.

2010eko azaroaren 4a
18:05
Entzun
Greziako Poliziak beste bonba-pakete bat atzeman du Grezian, aste honetako hamalaugarrena. Gaurkoa, Frantziak Atenas daukan enbaxadara igorria zegoen, baina Poliziak lehenago aurkitu du. Honek uste du lehergailu gehiago bidali dituztela hara eta hona, eta erne egon beharra dagoela ohartarazi du.

Oraingoz, inork ez ditu bidalketak bere gain hartu. Greziako iturri ofizialek iritzi diote herrialdeko talde anarkista bat egon daitekeela kanpainaren atzean.

Aurreko egunetan Errusiaren, Suitzaren, Alemaniaren, Belgikaren, Herbehereen eta Mexikoren enbaxadetara igorri zituzten bonbak. Mexikokoaren kasu, horra iritsi aurretik mezulari bati eskuartean lehertu zitzaion -zauri arinak baino ez zituen izan-. Suitzakoaren kasuan, atarian egin zuen eztanda. Beste bonba bat Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari bidalitakoa zen.

Denak ere antzera zeuden osatuta: liburu edo dossiar baten barruan pila bat eta denotagailu elektrikoa, lehergaiarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.