AEBetako presidente George Bushek, aldiz, baikor begiratu dio egungo egoerari. Haren iritziz, Irakeko gerra irabazteko aukerak badaude, baina horretarako hilabeteak beharko dira: «Egun onak eta txarrak geratzen dira oraindik Bagdaderako plana indarrean sartzen den arte». Washingtonek 30.000 soldadu gehiago bidaliko ditu herrialde hartara. Bushen ustez, tropak orain erretiratzea izugarrizko porrota litzateke AEBentzat. Esaten ez badu ere, ordea, Iraken gero eta gehiago dira okupazio indarrei erasotzea zuzena dela uste dutenak.
AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek adierazi du hasieratik bidali behar zituztela soldadu gehiago. «AEBetako armadak Iraken duen arduradun David Petraeusen estrategia berriari esker soldadu nahikoa dugu eremu bat garbitu eta segurtasuna bermatzeko, eta hori da estrategiarik egokiena».
Pazientzia amaitzen ari zaie, baina, irakiar eta estatubatuarrei. Kurduak dira egoera baikorren ikusten dutenak. Haiek izan ziren Saddam Husseinen garaian gehien sufritu zutenak. Aldiz, sunitak ia erabat lur jota daude. Bagdaden bizi dute egoera okerrena. Han galdekatutako 429 pertsonek diote ez direla seguru sentitzen.
Washingtonek gerra sei hilabetean amaitzea espero zuela esan zuenetik lau urte luze igaro dira. AEBek 3.200 soldadutik gora galdu dituzte. Hildako irakiarrak, berriz, milaka dira, eta bi milioi inguruk ihes egin behar izan dute atzerrira, egoera jasanezina bilakatu delako. Atzo bertan, 30irakiar hil zituzten. Gaur, berriz, Irakeko presidente ohi Taha Jasin Ramadan dute exekutatzekoa. Horiek hala,AEBetanhamar lagunetik sei soldaduak erretiratzearen alde daude. Hori aldarrikatzeko eta Iraken okupazioa salatzeko hainbat manifestazio egin zituzten atzo mundu osoan, tartean AEBetan bertan. New Yorken Poliziak 44 manifestari atxilotu zituen, protestak baimenik gabe egitea leporatuta.
DEMOKRATAK ESKUAK LOTUTA. Bushen gobernuak diru gehiago eskatu dio AEBetako Kongresuari Irakera soldadu gehiago bidaltzeko. Demokratak soldaduak lehenbailehen erretiratzea nahi dute, baina beldur dira, dirurik eman ezean, beraiei egotziko dieten Irakeko porrota. Horiek hala, baldintza bat jarri dute aurrekontua onartzeko: erretiratzeko egutegia ezartzea. Bush, baina, ez dago hori onartzeko prest, eta ohartarazi du egutegia jarriz gero, beto eskubidea erabiliko duela.
Hagako Fiskaltzakez du baztertzen Bush eta Blair ikertzea
Nazioarteko gerra krimenak ikertzeko eta epaitzeko sortu zuten Nazioarteko Zigor Auzitegia. Horiek hala, bertako fiskal nagusiak, Luis Moreno Ocampok, ez du baztertzen Irakeko gerra bultzatu zuten bi agintariak, George Bush eta Tony Blair, ikertzea. Dena den, nabarmendu du oraingoz, dauden frogekin, hori ez dela posible. Iaz, Ocampok hainbat salaketa jaso zituen gerrak eragindako hilketen inguruan. Baina hark azaldu du auzitegiak ezin duela erabaki gerra bat legezkoa ote den.Hagako auzitegiak ikerketa hastea erabakiko balu ere, zail izango luke Bush epaitzea, AEBetako Gobernuak ez duelako Zigor Auzitegiaren eskumena onartu. Londresek, aldiz, bai.