Afganistan

Hamar lagun hil dituzte Kabulen, enpresa britainiar baten aurkako erasoan

Talibanek aldarrikatu dute segurtasun enpresa batek erabiltzen duen eremu militar baten aurka egindako erasoa. 19 zauritu ere eragin ditu leherketak.

Segurtasun indarrak erasoa izan den lekuan, Kabulen. HEDAYATULLAH AMID, EFE.
2018ko azaroaren 28a
07:09
Entzun

G4S izeneko enpresak erabiltzen duen kanpamendu militar batean egin dute erasoa, Kabulen, Poliziak azaldu duenez, bonba-auto bat lehertuta. Ondoren, armatutako hainbat lagun sartu dira eremu militarrera. Hamar lagun hil dituzte gutxienez, eta beste 19 daude zaurituta.

Berri agentzien arabera, talibanek beren gain hartu dute atentatua —Afganistango integrista sunitak dira talibanak—. Afganistan hegoaldeko Helmand eta Kandaha probintzietan segurtasun indarrek egindako operazioen erantzuna dela esan dute. Ashraf Ghani presidentea Genevako (Suitza) konferentzia batean zen gaur, eta ordu batzuk lehenago iragarri du, hain justu, talibanekin bake akordio bat lortzeko plana. "Talibanak gizarte demokratiko eta inklusibo batean integratzeko akordio bat ari gara bilatzen", esan du Ghanik.

AEBek Afganistan inbaditu zutenetik (2001), parlamenturako hiru hauteskunde baino ez dituzte egin. 2014ko presidentetzarako hauteskundeen ondoren, egoera politikoa blokeatuta gelditu zen, bi hautagai nagusien artean sortu zen tentsio larriaren ondorioz. Azkenengoz, urriaren 20an egin zituzte hauteskundeak, eta gutxienez 30 pertsona hil eta 135 zauritu zituzten egun hartan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.