TURKIA

Hamar ministro aldatu ditu Erdoganek, ustelkeria salaketek zabaldutako krisia eteteko

Hiru ministrok dimisioa eman dute Turkian, eta Ingurumen ministro ohiak lehen ministroaren dimisioa eskatu du.

2013ko abenduaren 26a
11:44
Entzun

Sakonduz doa krisia Turkiako Gobernuan, Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek hamar ministro kargutik kendu eta gero. Bart gauean batzartu da Erdogan Abdullah Gul Turkiako presidentearekin, eta harekin bildu ostean eman du hamar ministroen aldaketaren berri.

Hiru ministrok gobernua utzi zuten atzo. Zehazki, Ingurumen eta Hirigintza ministroak, Ekonomiakoak eta Barne ministroak aurkeztu zuten dimisioa, azken asteotan Turkiako elite ekonomiko eta politikoa lohitu duen eskandalua dela medio. Ingurumen ministro ohiak Erdogan jo du arduradun, eta haren dimisioa eskatu du.

Ankaran, Istanbulen eta Izmirren protestak ugaritu dira gauean, gobernu osoaren dimisioa eskatzeko. Istanbulen, Poliziak negar gasa jaurtiz sakabanatu ditu manifestariak Kadiroy auzoan.

Martxoaren 30ean egingo dituzte udal hauteskundeak Turkian. Erdoganek, bere alderdiko buruzagien aurrean eginiko adierazpenetan, atzo esan zuen ikerketa judiziala "erasoa" dela ez soilik AKPren —gobernuko alderdiaren— kontra, "nazio osoaren kontra" baizik, eta "konplota" salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.