AEB-ak

Hamar pertsona hil dituzte Coloradoko saltoki batean

Gizon bat atxilotu dute, hainbat orduko tiroketaren ondoren. Bigarren sarraskia da astebetean.

Susmagarria atxilotuta eta zaurituta eraman du Poliziak.
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 23a
08:02
Entzun

Duela astebete zortzi pertsona hil zituzten AEBetako Atlanta hiriko hiru masaje etxetan; horietatik zazpi, emakumezkoak. Bart beste tiroketa bat gertatu da, oraingoan Boulderren, Coloradon. Gizon batek hamar pertsona hil ditu, tiroz, saltoki batean.

Hainbat herritarrek zuzenean kontatu dute gertatutakoa sare sozialetan. Bideo horietako batean, gorpuak ikusten dira lurrean, tiratzailea oraindik saltokiaren barruan dagoela, eta, une batean, tiro hotsak entzuten dira.

Polizia heldu da azkenean saltokira, eta, hainbat orduko tirabira baten ondotik, zauriturik atxilotu dute ustezko tiratzailea.

Boulderko Poliziako buru Maris Heroldek prentsaurreko batean esan duenez, susmagarria erietxera eraman dute. Hildakoen artean polizia bat dagoela baieztatu dute. 51 urte zituen.

Martxoaren 12an, Coloradoko epaile batek blokeatu egin zuen hango estatuak erabakitako legea, eraso fusilak saltzea bi urtez debekatzekoa. Hainbat iturriren arabera, tiratzaileak AR-15 moduko fusil bat erabili du.

Boulderrek AEBetako Kongresuan duen ordezkari demokrata Joe Negusek agiri bat plazaratu du, eta honako hau esan: «Denak dauka muga bat». Negusek eskatu du armen salmenta arautzeko. «Duela 21 urte, Douglas konderriko ikasle gaztea nintzenean, Coloradoko biztanle askorekin bat egin nuen Columbine institutuko sarraski ikaragarriaren biktimen alde negar egiteko», esan zuen, eta gogoratu du ikastetxe hura bere eskolatik hamar minutura zegoela. Inguru horretan hainbat tiroketa gertatu dira: larrienak Columbinen, non 13 pertsona hil zituzten; eta Aurorako zinema batean, 2012an, beste hamabi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.